Seminarixoa goraino beteta, Isladak-en 'Elizabeth' antzerkiaren emanaldian

Koldo Zubia Salas 2026ko ekainaren 26a

Isladak Antzerki Soziala taldearen argazkia, Elizabeth taularatu ostean. (Irudia: Isladak).

Joan den egubakoitzean Seminarixoan taularatu zuen Isladak Antzerki Soziala taldeak, estreinakoz, orain arte egin duen lanik anbiziotsuena: Elizabeth izeneko lehenengo antzezlan luzea.

2023an sortutako taldeak lan motzak eraman izan ditu orain arteko bi antzezlanetara; hirugarrengo hori, baina, "aurrerapauso bat" izan dela dio zuzendari eta aktore lanetan aritu den Mikel Irizarrek: "80 urteren bueltan dabilen jendearekin egiten dugu lan. Orain arte, eszenatokian naturaltasunez antzeztu zezaten nahi izan dugu. Elizabeth-en erronka izan da pertsonaia bat lantzea, eta eurek pertsonaia hori interpretatzea, haren emozioak azalduz".

Antzerki soziala

Bonnie Garmusen Lecciones de química eleberrian oinarrituta dago Elisabeth antzezlana, eta emakumeek 50eko hamarkadan zientziaren alorrean izandako borroka jorratzen du. Bertan, garaiko egoera eta egungoa alderatzen da, Elisabeth izeneko protagonistak bere bilobari egindako kontakizunen oinarritzen den istorioan. "Tartean, flashback batzuk sartu ditugu, 50eko hamarkadako eszenak irudikatuz. Obra, beraz, saltoka joaten da; gaur egunetik iraganera. Horrekin lortu nahi izan duguna da jendearen atentzioa mantentzea", azaldu du Irizarrek. Aukeraketa horrek antzezlan soziala egin nahia ere badu atzean. "Hausnarketarako aukera ematen duen obra bat da, eta helburu hori bete dugula esango nuke", gehitu du Irizarrek. Horregatik, ondo bidean, udazken hasieran Eskoriatzan ere antzeztuko dute Elisabeth, eta Oñatin edo Antzuolan beste saio bat egiteko asmoa ere badute.

Bergaran izandako arrakastaren ostean, bailarako beste herri batzuetan antzeztea da taldearen asmoa

Antzerki taldea ere "osasuntsu" dago; Elizabeth antzezlana Jabi Burgosen gidaritzapean aritu diren hamabi kideren artean taularatu dute, eta, horrekin lotuta, nagusienek egindako lana azpimarratu gura izan du Irizarrek: "Kontuan izan behar da sekula antzerkirik egin gabeko nagusiak direla, baina sekulako ilusioarekin egiten dute lan. Antzerkiak, nahitaez, egoera zailen aurrean jartzen du 80 urteko pertsona bat; euren jarrera txalogarria izan da. Oso aberasgarria izan da eurekin lan egitea".

Bestalde, taldearen helburuetako bat da antzerkiaren zabalkundea. Bide horretan, lau pertsona berri sartu dira taldean, orain arte antzezlana egin gabeak guztiak. Entseguak, aldiz, Zabalotegiko areto partekatuan egiten dituzte, eta bertan "gustura" ari direla gehitu du Irizarrek.

Elizabethen eta bere bilobaren arteko kontu kontaketak. (Irudia: Isladak). 

Antzezlan arrakastatsua

Seminarixoa guztiz beteta, egubakoitzeko emanaldia "arrakastatsua" izan zela nabarmendu du, azkenik, Irizarrek: "Sarrera guztiak saldu genituen eta jendea, orokorrean, gustura irten zen bertatik". Ildo beretik mintzatu da Elizabethen bilobaren papera interpretatu duen Sara Manzano: "Jendea harrituta gelditu zen, lan handia egin dugu, eta, detaile guztiak zainduta zeudenez, publikoari hori heldu zitzaiola esango nuke". Entseguetako lan hori nabarmendu du Elisabethen papera interpretatu du duen Mertxe Altubek ere: "Hasieran ez nuen uste hain erraza izango zenik. Gauza asko erakusten dizkigute eta gustura etortzen gara entseguetara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak