Trans kolektiboaren eskubideak aldarrikatu dituzte Lur Anitz Fest jaialdiaren irekierako mahai-inguruan

Larraitz Zeberio Lekuona

Edur, Arev, Iria Mey, Anabel Rodriguez eta Oscar Vazquez mahai-inguruan.

Edur, Arev, Iria Mey, Nerea Ruiz, eta Anabel Rodriguez izan dira hizlariak eta askotariko bizipenak partekatu dituzte Ibarraundi Museoko aretoan elkartutako entzuleekin. Trans pertsonen aniztasuna eta eskubideak aldarrikatu dituzte, eta horrekin batera ikusgarritasuna eta errespetua eskatu dituzte.

Edur eta Arev Lizarraldeatik heldu dira Eskoriatzara, Iria Mey eta Anabel Rodriguez Bilbotik, eta Nerea Ruiz online konektatu da Denver hiritik (AEB). Gay Lur elkarteak Eskoriatzan hirugarrenez antolatutako Lur Anitz Fest jaialdia irekitzeko mahai-inguruan hartu dute parte, Oscar Vazquez gidari. Trans kolektiboaren errealitateak izan dituzte hizpide.

"Jendeak ulertu behar du bizitzeko modu diferenteak daudela", adierazi dute. "Gizarte honetan lauki oso estuetan bizi gara, eta asko gara bi lauki horietan –gizona eta emakumea– sartzen ez garenak. Ezinbestekoa da estereotipoak zabaltzen joatea", esan du Meyk. "Gehiago esango dut. Ezingo didazue ukatu eredu hegemonikoaren barruan gizon edo emakume izateko oso modu gutxi daudela".

Guztiak saiatu dira bizi dutena azaltzen: "Gorputz mota asko daude, eta nire gorputzak ez du nire generoa irudikatzen", adierazi du Arevek. "Biologia ez da binarioa. Pertsona intersexualak dira adibide argia. Oso kolektibo ezezaguna da. Ia ez du ikusgarritasunik", gaineratu du Edurrek. "Zentzu horretan, denok egin behar dugu igarotze-prozesua; ez guk bakarrik, baizik eta gizarte osoak". 

Ikusgarritasun handiagoa

"Daukaguna baino ikusgarritasun handiagoa behar, nahi eta eskatzen dugu", esan du Iria Meyk. "Gogorrena ezjakintasuna eta ikusezintasuna dira, eta zailena da gure kolektibokoak diren horien sare batekin topo egitea", gaineratu du Nerea Ruizek Denverretik.

Ameriketako Estatu Batuetan bizi den jatorri bizkaitarreko emakumearendako pertsona orok izan beharko luke aukera den modukoa bezala bizitzeko. "Ezin gara bizi beste batzuek dituzten espektatibak betetzeko. Ia 40 urte nituen igarotze-prozesuarekin hasi nintzenean. Ezkonduta nengoen eta hiru seme-alaba ditut. Nire kasuan, funtsezkoa izan zen kolektiboko jendea ezagutzea. Oinarrizkoa. Oso gogorra da armairutik irtetea eta guztiarekin apurtzea. Jendearen erreakzioaren beldur zara".

Eskubideak aldarri


Baina eman dute pausoa eta argi dute erabaki zuzena izan zela. Orain, errespetua eskatzen dute eta lortutako eskubideak zalantzan ez jartzea; izan ere, arriskuan ikusten dituzte. Transfobia salatzen dute eta sektore batzuetatik trans haurtzaroen kontra dagoen oldarkortasuna dute kezka iturri nagusietako bat. "Bada jendea gure izatea ukatzen duena, eta horrekin batera gure eskubideak. Hemen kontua ez da zer garen edo nolakoak garen ulertzea. Hemen kontua da gu errespetatzea".

Trans haurtzaroak errespetatzeko eskatzen dute: "Bidean laguntzea behar dute eta erritmoak errespetatzea; presarik sartu gabe eta prozesua atzeratu gabe. Jakin dezatela nahi duten hori izateko aukera izango dutela. Haiek markatuko dute erritmoa".

Zorionez horretarako elkarte eta profesional onak daudela azaldu dute. Naizen elkarteko kide da Anabel Rodriguez. Azaldu du laguntza handia topatu zuela Naizen elkartean alabak bere izaeraren berri eman zionean. "Jendeak trans haurrak epaitzen ditu eta haien gurasoak ere bai. Izugarria da", esan du.

Bi liburu

Mahai-inguruaren amaieran bi liburu aurkeztu dituzte. Anabel Rodriguezek Eres mi hija liburuaren berri eman du. Alabaren igarotze-prozesuaren bueltan idatzitakoa da eta uste du lagungarri izan daitekeela beste guraso askorendako.

Arevek Rares y montrues poema-liburua aurkeztu du Edur gitarrarekin lagun zuela. Bere bizipenetan oinarritutako olerkiak dira, oso pertsonalak.

Lur Anitz Fest bihar eta etzi

Aldarrikapen garrantzitsuak egin dituzte jaialdiaren irekiera mahai-inguruan. Hurrengo egunetan bestelako ikuskizunak eta otorduak egingo dituzte. "Garrantzitsua da festa giroko jaialdi batean mahai-inguru eta aldarrikapen serioek lekua izatea. Hori da Lur Anitz Fest", esan du Iria Mey-k.

 

Nerea Ruiz online Denver hiritik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak