'Herri bat, bizitzeko mila modu' lelopean, hastear da Lur Anitz Fest jaialdiaren hirugarren aldia

Imanol Beloki Unamuno

Iaz, Fernando Eskoriatza plazan, DJ Borre.

Lur Anitz Fest jaialdiaren hirugarren edizioa ospatuko da asteburuan, eta hiru eguneko programazioa prest du GayLur Euskadi elkarteak; besteak beste, mahai-ingurua, bazkari eta afariak, musika, kale-ekitaldiak, eta bestelako jarduerak. Horien artean, bereziena edo gehien esperotakoa Leticia Sabater artistaren zapatuko kontzertua izango da.

"Lur Anitz Fest jaialdia Gaylur Euskadik Eskoriatzan antolatzen duen landa-eremuko aniztasunaren jaialdia da", dio GayLur elkarteko sortzaile eta presidente Jonathan Galan eskoriatzarrak. "Gure helburu nagusia da herrietako LGTBIQ+ errealitatea ikusgarri egitea eta aniztasuna hiri handietakoa soilik ez dela erakustea, besteak beste. Gainera, aurreko bi edizioen balorazioa oso positiboa da. Guretzat garrantzitsuena izan da ikustea askotariko pertsonek jarduerak eta espazioak naturaltasun osoz partekatu dituztela. Hala, aurtengoa orain arteko ediziorik osatuena eta asmo handienekoa izango da".

Transexualitatea aztergai

Jaialdia egubakoitzean hasiko da, 19:00etan, GayLurren ongietorriarekin, eta, harrera egin berri, Transexualitatea: esperientziak, familiak eta gizartea izeneko mahai-ingurua izango da. Mahai-inguruan, transexualitatearen inguruko esperientziak eta familia zein gizartearen ikuspegia izango dituzte hizpide. Jardunaldiari amaiera emateko, 21:00etan, GayLurren ongietorri-afaria izango da.

Leticia Sabater oholtzan

Zapatuan, 11:00etan, GayLurren aurkezpena egingo dute, gonbidatu bereziekin. 12:30ean, Los Txipirones txaranga arituko da herria girotzen, eta 14:30ean, herri-paella egingo dute. Arratsaldean, 17:00etan herri cuirolak eta 18:30ean zumba saioa izango dira. 19:30ean, DJ Borre arituko da, iaz bezala, eta gauean, GayLur Barietate Gala izango da, 21:00etan. 22:00etan, Leticia Sabater artistaren ikuskizuna izango da, eta, zalantzarik gabe, edizio honetako erakargarritasun nagusietako bat izango da. Gauerdian, berriz, DJ Borrek emango dio amaiera musika-programazioari.

Bingo musikala domekan

Lur Anitz Fest jaialdiaren hirugarren edizioari amaiera domekan emango diote. 12:30ean, Landa Trabesti Poteoa izango da, eta 14:30ean, herri bazkaria. Arratsaldean, berriz, 17:00etan, Guadalupe Merkado mexikarrak aurkeztutako bingo musikala egingo dute, Bingo Musical a la Mexicana izenburupean. 19:00etan, berriz, agur ekitaldiarekin amaituko da jaialdia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak