Leticia Sabater: "Nire helburua jendeak gau ahaztezina bizitzea da"

Imanol Beloki Unamuno

Leticia Sabater artista estudiko argazkian. L.S.

Leticia Sabater (Bartzelona, 1966) telebista aurkezlea, aktorea eta abeslaria da. 1990eko hamarkadan egin zen ezaguna haurrentzako hainbat telebista saio aurkeztu ostean. Gaur egun, berriz, show-woman gisa herrietako jaietan eta kontzertuetan aritzen da, eta, zapatuan Eskoriatzan izango da, Lur Anitz Fest jaialdiaren barruan ikuskizuna ematen.

Leticia Sabaterrek ez du aurkezpen handirik behar. Telebistan ibilbide luzea egina du, eta musikaren eta pop kulturaren bidez ere bere show propioa eraiki du urteetan zehar, publikoaren aurrean unibertso berezia sortuz. Oraingoan, Eskoriatzan izango da, Lur Anitz Fest jaialdian, festa giroa eta bere ikuskizuna eskaintzen (zapatuan, 22:00etan, Fernando Eskoriatza plazan).

Kontzertuaren aurretik, Leticia Sabaterrekin hitz egin du GOIENAK; musikaz, arrakasta biralaz, famaz, euskal publikoaz, Gabonetarako prestatzen ari den kantuaz eta, nola ez, zapatuko festaz.

Zapatu honetan Eskoriatzan izango zara, Lur Anitz Fest jaialdiaren hirugarren edizioan. Zer esan nahi du zuretzat festa honetan parte hartzeak?

Euskadin LGTBI+ kolektiboari laguntzeko lan egiten duen elkartea izanda, ilusio handia egiten dit. Gainera, euskaldunak asko estimatzen ditut, eta plazer handia da haientzat aritzea. Ordu eta erdiko kontzertua izango da, eta nire abesti ezagunenak eta bertsioak eskainiko ditut belaunaldi guztiek gozatzeko moduko errepertorioarekin.

Zure emanaldia programazioko aipagarrienetako bat da. Zer aurkituko du publikoak Eskoriatzan?

Kontzertua interaktiboa izango da: publikoak parte hartzeko aukera izango du, eta une batzuetan jendea eszenatokira igoko da nirekin batera abesteko eta unea partekatzeko. Multa bat jarriko diot akaso bati, katuaren antzera miauka jarriko dut publikoa… ikusiko dugu.

Zer harreman duzu euskal publikoarekin?

Lehenengoak animatzen dira beti oholtzara. Asko gustatzen zait ikusle euskalduna. Gainera, nabari da euskal gizartean matriarkatuak izan duen eragina: sentsibilitate handia dute, eta hori asko igartzen da jendearen jarreran. Maitakorrak dira, eskuzabalak eta umoretsuak; azken batean, jende ona da, eta hori oso atsegina da eszenatokitik bizitzea.

Ba al dago zapatu honetan falta ezin den abestirik? 

Nire abestiak eta hainbat bertsio egingo ditut. Besteak beste, Salchipapa, Toma pepinazo, Titi comeme el toto… bezalako abestiak izango dira. Guztira, 13 abesti inguruko ikuskizuna izango da.

Kontzertuaren ondoren, atseden hartzera ala parranda egitera?

Kontzertuaren ondoren, publikoarekin argazkiak aterako ditut. Gustura egingo nuke parranda, baina ahotsa pixka bat deskantsatu behar izaten dut. Hala ere, kontzertuan dena emango dut; hori da niretzat garrantzitsuena. Publikoa da beti lehenengo gauza.

Hiru urte daramatzat erritmo bizian. Izan ere, urtean 200 kontzertu inguru egiten ditut. Erritmo handia da, sekulako martxa eta horrelako bizimoduak ez dizu denborarik uzten ia ezertarako. Ezta sexurako ere! [kar, kar kar] Batzuetan, komunera joateko ere denbora neurtuta izaten dut. Lanbide hau horrelakoa da: etengabe mugitu beharra dago. Hala ere, tarte bat aurkitzen dudanean, deskonektatzea gustatzen zait. Horren baitan, Euskal Herrira noan guztietan moduan, Eskoriatzatik ere ez naiz joango pintxo batzuk jan eta txakolina edan gabe.

"Urtean 200 kontzertu inguru egiten ditut; erritmoa sekulakoa da"

Bestalde, Gabonetan aurkeztuko duzu kantu berriren bat?

Bai, noski! bideoklipa prestatzen ari gara, eta itxura oso ona du. Oso dibertigarria eta ganberroa izango da. Koreografia nahiko sinple batekin, denok batera egiteko modukoa izango da.

Interneteko eta pop kulturako fenomenoa zara. Nola daramazu fama?

Hainbeste urteren ostean, ospetsua izatera ohitzen zara. Badakizu nora joan inork ez molestatzeko… Baina hori ere lanaren parte da; azkenean, zure lanbidearen parte bihurtzen da, eta, onartu egin behar duzu.

Horrekin batera, nola lortzen da arrakasta biral bat izatea?

[Zein barregarria zaren, kar kar kar] Arrakasta biralaren kontu hau loteriako txartelaren modukoa da. Seigarren zentzu bat izan behar duzu, eta uste duzun horretan sinetsi eta asmatu. Nik hala ikusten dut, behintzat. Duela hamar urte birala zenak, gaur egun ez dute berdin funtzionatzen. Nik ez dut biral izatea bilatzen.

"Arrakasta birala loteriako txartelaren modukoa da"

Nire publikoak nirekin dibertitu eta ondo pasatu nahi du. Ez ditu abesti arruntak nahi. Nire publikoa berezia da, gauza berriak egitea, probatzea eta ikustea gustatzen zaio. Eta horretaz oso harro nago. Abestu, edan, jan eta festa gogotik egiten duen publikoa da, baina inoiz arazorik sortzen ez duena. Benetan, izan daitekeen publikorik onena daukat.

Zer mezu helarazi nahiko zenieke zure kontzertura doazenei?

Kontzertua amaitzean, eszeptikoenek iritziz aldatzea nahiko nuke, eta dagoeneko nire ikuskizuna ezagutzen dutenek, berriz, bizitzako esperientziarik onenetako bat bizitzea. Hori da gustatuko litzaidakeena: jendea kontzertutik pozik ateratzea, ondo pasatu izanaren sentsazioarekin eta gau ahaztezin bat bizi izanaren sentsazioarekin.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak