Zer esan nahi du zuretzat Lizardi sariketa irabazi izanak?
Oso pozgarria izan da. Momentu baten ere ez zitzaidan burutik pasatu irabazteko aukera; hortaz, sorpresaz harrapatu nau. Uda bukaeran, ikasturtea hasi berri, jokatzen den sariketa bat izanik, datari dagokionez arraro samarra izaten da, baina oso pozik nago.
Nolakoa izan da txapelketa hori 2022an jokatu zenuenarekin alderatuta?
Bi kanporaketa egoten dira, eta gero, finala. Lehenengo aldi hartan ez nintzen finalerako sailkatu. Nire sentsazioa izan zen arreta galduta joan nintzela. Aurten ere sentsazio horrekin hasi nintzen, baina bertsotan oso gustura egin izanaren sentsazioarekin bukatu nuen.
Uda ostean jokatzen den txapelketa izateak izan dezake zerikusirik arreta galtze horrekin?
Udalekuetan pasatzen dut uda sasoia, normalean, eta ez dut bertso saiorik egiten apenas. Hortaz, bat-batean bertsotan hasi eta serio jarri behar dugu. Urtean zehar izango balitz, hartuko nuke tarte bat prestatzeko, baina, udaran izatera, zaila da. Kanporaketako hasierako agurrean denok komentatzen genuen: "Udaran gaude, eta bat-batean gogoratu gara bertsotan badakigula".
Sariketa berezia da, ala?
Izen handia duen sariketa bat da, eta horrek beti ematen dio beste puntu bat. Egia esan, hasiera batean, ez nuen espero irabazteko aukerak izango nituenik ere, baina saioan bertan ondo prestatuta ikusten nuen neure burua. Esan bezala, garaipena ez da izan buruan izan dudan zerbait, baina are pozgarriago bihurtzen da horrela iristen denean; espero gabe. Urte oso emankorra izan da niretzat bertsolaritzari dagokionez: Herriarteko Txapelketa irabazi genuen Leintz Taldearekin; orain, Lizardi... Lorpen garrantzitsua da niretzat.
Izen handiek irabazi dute Lizardi sariketa; zure ibilbidean urrats handia izan daiteke?
Ez dut uste nire ibilbidea baldintzatuko duenik. Egia da izen handiko txapelketa bat dela eta hura irabazteak zerbait esan nahiko duela. Baina, tira, ez dut uste nire ibilbidea aldatuko duenik. Oso pozik eta harro nago lortu dudanarekin, baina ez nuke esango ezer aldatzen denik.
Anekdotikoa izan badaiteke ere, sariketaren 50. urteurrenean irabazi duzu.
Gaztetxotatik jarraitu dugun sariketa bat da eta bertsolari asko ikusi ditugu txapela janzten. Norbere burua hor ikusteak balio handia du. Gainera, 50 urte dituen sariketa izanda, gaur egun antolatzaile lanetan dihardutenak gertukoak ditut; estimua handia diot Lizardiri.
Bertso onenaren saria puntu-erantzunetan irabaztea ere erronka da, ezta?
Ez dakit, jende askok esan dit hori, baina ez nuke esango. Puntu-erantzunak ondo funtzionatzen du momentuko erantzunean, eta uste dut horrek asko eragiten duela sari hori ematerakoan. Bereziki gustura gelditu nintzen ariketa harekin, bai.
Euskal Herriko Txapelketa ate joka dagoen honetan, nola ikusten dituzu bailarako ordezkariak?
Maiderrek [Arregi] eta Peruk [Abarrategi] txapelketan egingo duten ibilbidea ikusteko oso gogotsu nago. Haiez gain, beste lagun askok ere hartuko dute parte; topera animatuko ditut.
Ikusten duzu zeure burua Euskal Herrikoan?
Ez dut neure burua sekula hor ikusi, baina Gipuzkoakoan ia pasatzea lortu nuen. Apur bat gehiago egingo banu, aurten oso urduri eta Euskal Herrikoan zentratuta egongo nintzakeela pentsatzen dut batzuetan.