San Pedro eta Intxaurtxuetako jaiak bertan behera utzi dituzte

Koldo Zubia Salas

Iazko jaietako une bat.

San Pedro eta Intxaurtxuetako Bizilagun Elkarteak hala erabakita, asteburu honetan ospatzekoak ziren jaiak bertan behera utzi dituzte. Azaldu dutenez,  "antolakuntzako kideetako bat oso egoera larrian dago", eta, ondorioz, ez dute jaiak aurrera eramateko "ez gogorik, ezta indarrik ere". 

Jaietarako dena prest bazegoen ere, San Pedro eta Intxaurtxuetako Bizilagun Elkarteak azken unean erabaki du guztia bertan behera uztea.  Ohar bidez azaldu dute, antolakuntzako kide bat "oso egoera larrian" dagoela, eta "tristura handiz" erabaki hori hartu behar izan dutela: "Badakigu erabaki honek eragozpenak sor ditzakeela eta bihotzez barkamena eskatu nahi diegu, modu batean edo bestean, erabaki honek eragiten dien guztiei. Auzokideei, laguntzaileei, taldeei, artistei, hornitzaileei eta gurekin egun hauek ospatzeko ilusioz zeundeten guztiei".

Erabakia hartzea ez dela erraza izan gaineratu dute, batez ere, jaiak antolatzen "lan eta ilusio handia jarri ondoren". Baina, une honetan,"garrantzitsuena gure kidearen eta haren familiaren ondoan egotea" dela erabaki dute. "Espero dugu gure egoera ulertu eta gure erabakia errespetatuko duzuela. Bihotzez eskerrik asko zuen ulermenagatik babesagatik eta beti gurekin egoteagatik", amaitu dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak