Irailaren 11tik 13ra bitartean ospatuko dituzte San Pedro eta Intxaurtxueta auzoetako jaiak, San Pedro Txikiak. Egitarau zabala prestatu dute jaietarako, eta, besteak beste, urteroko hitzorduak diren herri bazkaria, bingoa, herri kirolak, haurrentzako jolas-parkea, su artifizialak eta musika kontzertuak egongo dira.
Askotariko ekintzak
Jaiek herri mailan eta auzo mailan harrera ona izatea espero dute antolatzaileek. "2019an jaiak antolatzen hasi ginenetik, guztiak forma hartu duela uste dugu. Orduko hartan boom bat izan zen, eta dagoeneko errotuta dagoen jaia dela esango genuke", adierazi du antolatzaile lanetan diharduen Andoni Motok. Askotariko ekintzez osatu dute egitaraua, baina badaude Motok nabarmentzen dituen hainbat ekintza: "Fito y Fitipaldis taldearen tributua egongo da zapatu gauean; suzko erroberek ere oso harrera ona izaten dute; eta, egubakoitzari begira, Kontrakorde taldea eta Totz eta Jou DJak nabarmenduko nituzke; izan ere, Eskoriatzakoak eta Aretxabaletakoak dira, eta balioa eman nahi izaten diogu bertako musikariak egitarauan izateari".
Herri bazkaria, zapatuan
Irailaren 12an izango da herri bazkaria, 15:00etan hasita, eta antolatzaileek 150 herritar inguruk parte hartzea espero dute. Bi menu ezberdin prestatu dituzte: helduen menua, 25 eurotan, eta gazteen menua –17 urtera arte–, 15 eurotan. Helduenak honako plater hauek izango ditu: urdaiazpikoa eta patea, piperrak arrainez beteta, askotariko frijituak, saiheski errea eta bizkotxo betea. Gazteenak, berriz, honako plater hauek izango ditu: patea, makarroiak, hanburgesa patatekin eta postrea. Herri bazkarirako txartelak eskuratzeko azkenengo eguna irailaren 7a izango da, astelehena; Dorleta liburu-dendan eros daitezke.
Jaiak antolatzeko laguntza
Motok dio urtetik urtera asko zailtzen dela halako jaiak antolatzea, "jendearen beharra egoten delako jaietan bertan, baina baita urtean zehar ere". Horren harira, batzordeko kideak dio "eskertzekoa" dela jaietan parte hartzen duten herritarren lana, eta gonbita egiten die orain arte parte hartu ez dutenei, ekarpena egin dezaten.