Atzo 01:43ean piztu zen sua, Elgea mendilerroan, Araba aldean, eta 03:00ak aldera pasatu zen Gipuzkoara. 8,7 hektarea erre dira guztira eta ez dago argi sua zerk piztu zuen.
Atzo, egun osoko lana
Araba eta Gipuzkoa arteko mugan piztu zen sute bat itzaltzeko lanetan aritu ziren atzo goizeko lehen ordutik Arabako suhiltzaileak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuko ordezkariak. Zehazki, Makatzgain eta Mugarriluze mendien artean aritu ziren lanean.
Gaueko iluntasunak eta behe-lainoak itzaltze lanak zaildu bazituen ere, egunean zehar baldintzak erraztu zirela baieztatu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuko ordezkariek, baina egun osoko lana izan zen sua itzaltzea.