Oporren osteko ongietorria egin die Axtrokik herritarrei

Gontzal Belategi Zubia

Oporretatik itzuli dira eskoriatzar gehienak, eta Axtroki Merkatari Elkarteak ongietorria eman die parrillada baten bidez. Irailaren 7an abiatuko du Udalak 'Eskoriatza bizirik' kanpaina, herriko komertzioetan gastatzeko 1000 bonu herritarren eskura jarriz.

Amaitu dira oporrak eskoriatzar gehienentzat, eta goibel suertatu ohi den itzulera alaitu nahi izan du Axtroki Merkatari Elkarteak, herritarrentzat ongietorri jaia eginaz. Parrillaren bueltan ospatu dute eguna, eta bertaratu diren pertsonek Eskoriatzako harakinen okela dasatatzeko aukera izan dute. Oporraldiaren ostean ere, herriko komertzioak bertan jarraitzen duela gogorarazteko helburua izaten du jaiak.

'Eskoriatza bizirik'

Eskoriatzako Udaleko Garapen Ekonomiko Sailak martxan jarriko duen Eskoriatza bizirik kanpainaren hastera dela egin dute ongietorri jaia. Beste urte batez, herriko merkatalguneetan gastatzeko 1.000 bonu jarriko dituzte salgai, eta helburua "tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak indartzea, herritarren erosketak sustatuz eta familiei laguntzen" jarraitzea dela azaldu dute udal ordezkariek.

Bonuek 30 euroko balioa izango dute. Sei zatitan banatuta egongo dira, eta zati bakoitzak bost euroko balioa izango du. Erosleek 30 euro horietatik 15 bakarrik ordainduko dituzte, eta gainontzeko gastuen kargu Udala egingo da. Kanpainari lotuta dauden herriko komertzioek honi lotuta dagoen Eskoriatza bizirik leloaren ikurra jarriko dute dendan bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak