Maitane Gomez de Segura: "Dena primeran irten zen"

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko apirilaren 23a

Potx eta Lotx pailazoen emanaldian, plaza bete-beteta.

Goieskolaren 25. urteurrena eta Luis Ezeizaren 55.a ospatzeko jaia egin zuten zapatuan, eta antolatzaileak oso pozik azaldu dira egunak emandakoarekin. "Ez zuen euririk egin eta jende mordoa etorri zen", azaldu du Eskoriatzako Luis Ezeiza Herri Eskolako zuzendari Maitane Gomez de Segurak.

Goizean zehar "jende asko" ibili zela dio Gomez de Segurak, eta "oso giro polita" egon zela plazan eta Arana kalea inguruan, hainbat elkarte eta Potx eta Lotxen ikuskizuna han egon baitziren.

Arratsaldean berriz, hiru gunetan zeuden ekintzak eta jendea "banatuago" egon zen: "Santa Marina plaza haurrez lepo zegoen bertako puzgarrietan gozatzen. Herriko plaza beteta egon zen Aliritzi erromeria taldearekin eta Alarma Morea taldearekin. Luis Ezeiza Herri Eskolako kantxa oso espazio zabala da eta 4D/49, Babesgabe eta Perlataren kontzertuetan primerako giroa egon zen", nabarmendu du ikastetxeko zuzendariak.

Helburu guztiak beteta geratu zirela ere adierazi du. "Debagoieneko Euskal Eskola publikoko eskola komunitatea elkartu eta elkarrekin egun zoragarri bat pasatzea zen helburua eta bete genuenen. Erakutsi genuen Debagoieneko Euskal Eskolek saretzeko daukagun indarra handia dela, jaia primeran joan baitzen; beraz, beste helburua ere beteta. Eta, noski, jaiak balio izan zigun Euskal Eskola Publikoaren aldarrikapena egiteko ere".

Jaiaren arrakastak, Gomez de Segurak azaldu duenez, "elkarlanean jarraitzeko, Euskal Eskola Publikoaren aldarrikapena egiten segitzeko eta sareak sortzen jarraitzeko indarra eta gogoa oraindik ere gehiago" indartu ditu.

Azkenik, esker mezuak ere izan ditu. "Eskerrak eman nahi genizkioke larunbatean Eskoriatzan sortu zen giro zoragarri hori posible egin zuen jende guztiari: antolatzaileei, babesleei, etorri zen jende guztiari eta abarri".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak