Xabi Garai Eskoriatzako Korrika Batzordeko dinamizatzailearen esanetan, gogoz daude herritarrak Korrikarako. "Herriko eta kanpoko hainbat eragilek hartu dute lekuko hartzeren bat eta batzordean ere parte-hartze ona egon da. Guztira hamar lekuko hartze izango ditu aurten Eskoriatzak bere ibilbidean eta lekuko hartze horiek 300 metro eta 1.200 metro arteko distantziakoak izango dira".
Haurrentzako ekintzak
Goizean, 10:30ean, Korrika txikia egingo dute herrian zehar, gaztetxoenek ere euskararen aldeko ekimenean parte hartu dezaten. Arratsaldean, 16:30ean, Tortolis ludotekako kideak plazan egongo dira eta haurrentzako jolasak, eskulanak eta abar egingo dituzte. Ondoren, 18:00etan, buruhandiak aterako dira kaleetara, eta 19:00etan kalejira izango da herriko musikariekin. 20:15ean, plazan dantzak izango dira Eskoriatzako txistulariekin batera, eta halaber, iluntzetik aurrera pantaila erraldoia jarriko dute Fernando Eskoriatza plazan, Korrika zuzenean ikusi eta jarraitzeko.
Iluntzetik aurrera pantaila erraldoia jarriko dute Fernando Eskoriatza plazan, Korrika zuzenean ikusi eta jarraitzeko
Dantzak eta erromeria
21:30ean, Zuk ekarri, zuk jan afaria egingo dute plazan, eta Earrafood janari-furgoneta ere egongo da. Afalostean, kantuak, dantzak eta banako popularra izango dira giroa luzatzeko. 23:00etan, Inkernu tabernan DJ Tiger Brothers bikotea arituko da taberna musikaz girotzen; Aramaioko Aimar Arriolabengoak eta Asier del Campok askotariko kantuak jarriko dituzte bertaratuentzat. 23:30ean, berriz, Eme.ki taldea arituko da plazako afalostea girotzen erromeria doinuekin. 02:00etan txokolatea banatuko da, eta 02:50ean pasatuko da herritik Korrika ofiziala.
Egitaraua
10:30 Korrika Txikia, herrian zehar.
16:30 Tortolis ludoteka herriko plazan.
18:00 Buruhandiak.
19:00 Kalejira herriko musikariekin.
20:15 Plaza dantzak, txistulariekin.
21:30 Zuk ekarri, Zuk jan afaria (plazan), Afalostean kantuak, dantzak eta banako popularra.
23:00etan DJ Tiger Brothers, Inkernun
23:30 EME.KI taldea.
02:00 Txokolatea.
02:50 Korrika ofiziala pasako da.
Ilunkaratik aurrera pantaila erraldoia egongo da, Korrika zuzenean ikusteko, eta Earrafood janari-furgoneta ere egongo da Plazan.
Hamar lekuko aldaketa egingo dituzte herrian, eta honako hauek dira lekukoa eramango dutenak eta bakoitzaren nondik norakoak, hurrenez hurren: Zarimutzeko bidegurutzetik Gaztañadui auzora, Athlon eta Ederlan; Gaztañadui auzotik Kuatrueneko semaforora, Udala; Kuatruenako semaforotik Aingeruguardara, Gorosarri dantza taldea; Aingeruguardatik Aranburuzabalako harrizko etxera, Axtroki merkatari elkartea; Aranburuzabalako harrizko etxetik Huhezira, Huhezi; Huhezitik plaza parera, Arizmendi Ikastola); plaza paretik Zubiate labe parera, Olazar jubilatuen elkartea; Zubiate labe paretik autopistako biribilgunera, Luis Ezeiza herri eskola; autopistako biribilgunetik Almeneko biribilgunera, Atxorrotx kultur elkartea; eta Almeneko biribilgunetik Aretxabaletako mugara arte, EH Bildu.