Puntua aldizkariaren 491. zenbakiko Erreportajea atalean argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Francoren heriotzak –1975eko azaroaren 20an– euskal kulturgintzaren eta hizkuntzaren susperraldi azkar eta sakona ekarri zuen, hamarkadetan sufritutako errepresio gogorraren ondoren. Euskalgintzak legez kanpokoa izatetik erakundetze bidean jartzera egin zuen salto, askatasun politikoen etorrerarekin batera. Frankismoan zehar hezkuntza euskaldunaren alde ikastolek egindako lanak legeztatu eta hedatu egin ziren. Irakaskuntza euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu eta lortu zen. Hala, ikastolek garai hartan zuten arazo larria konpondu guran, Eskoriatzako Irakasle Eskola sortu zuen Jabier Retegi buru zuen Hezibide Elkarteak. Hasiera batean, Salamancako Apezpiku Unibertsitatearen ikasgela moduan hasi zen eskolak ematen.
Izan ere, Irakasle Eskola hura eraikitzeko bat egin zuten Hezibide Elkarteak eta Gipuzkoako Elizbarrutiak. Jose Maria Setien eta Jabier Retegi buru, nork bere aletxoa ipini zuen. Setienek Salamancako Apezpiku Unibertsitatearekin harremanak zituen, eta haren bidez jarri ziren hartu-emanetan Luis Vives Marianisten Irakasle Eskolarekin. Garai hartan, gainera, marista batzuek Ingeniaritza egiten ziharduten Arrasateko Eskola Politeknikoan. Hala, Hezibide, Gipuzkoako Elizbarrutia eta Luis Vives Irakasle Eskola izan ziren Eskoriatzakoaren hiru zutabeak.
1976-1977, lehen ikasturtea
Eskoriatzan Irakasle Eskola sortzeko aukera negoziatzen hasi ziren hiru aldeak, 1974-1975eko ikasturtean eskolak ematen hasteko helburuarekin. Baina garrantzitsuena falta zen: ikasleak lortu behar ziren proiekturako. Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen 40. urteurrenaren harira Iñigo Ramirez de Okariz irakasle ohiak idatzitako liburuan datu batzuk aipatzen dira. Bergara, Oñati eta Almen ikastetxeetan COU egiten ari ziren 300 ikasleri galdetuta, %14k Irakasle ikasketak egiteko asmoa adierazi zuten. Baina negoziaketak espero baino gehiago luzatu ziren, eta 1976-1977ko ikasturtera arte ez ziren eskolak ematen hasi.

"GELA TXIKIAK, IKASLE GUTXI, ESPERIENTZIA BAKO IRAKASLEAK... GUZTIA ZEN ERRONKA BAT"
NEREA ALZOLA, IRAKASLE OHIA
Hirugarren ikasturterako heldu zen Eskoriatzara Nerea Alzola (Arrasate, 1953). "Ni ikasketak bukatu berritan hasi nintzen hemen. Lyongo unibertsitatera joan nintzen, master bat egitera, eta han nengoela deitu zidaten, Eskoriatzako Irakasle Eskolarako proposamena egiteko. Zalantza barik esan nuen baietz. Abentura bat izan zen. Gainera, gelara sartu nintzen lehen egunean, ikasleek pentsatu zuten ni ere ikasle nintzela. Adinez oso antzekoak ginen. Zur eta lur geratu ziren irakaslea nintzela konturatu zirenean", esan du, barrezka.
Gela txikiak, ikasle gutxi, liburutegi iluna, idazmakina bakarra, telefonorik ez... Horiek guztiak gogoratzen ditu Alzolak: "Eta irakasleak, esperientzia gutxikoak. Egiten genuen guztia zen erronka bat. Hutsetik sortu behar izan genuen dena".
Urte batzuk geroago, 1985ean hasi zen Matilde Sainz Osinaga (Arrasate, 1950) irakasle. Metodologia falta du gogoan: "Nik esango nuke Irakasle Eskola sortu zela, ez bakarrik irakasle euskaldunak formatzeko; baita ere metodologia berria ezartzeko. Ni ikastola batetik nentorren, eta han Freinet metodologia erabiltzen genuen. EHUn eta eskola publikoetan ez zuten hura erabiltzen. Irakasle Eskolak bazekien irakaskuntza-metodologia bat ezarri behar zuela. Sustraietatik egin beharreko aldaketaren beharra zegoen".
Metodologia berria eta "askatasuna"
Celestine Freinet (1896-1966) irakasle frantsesa zen, eta haren metodologian adierazpen librea, autonomia eta ikaskuntza esanguratsua sustatzen zituen, eta ikaslea bere ikaskuntzaren protagonista bihurtu. "Metodologia harekin askatasuna heldu zen eskoletara. Europa mailan metodologien mugimendu bat gertatu zen, Gipuzkoa mailako ikastolek handik edan zuten, eta Eskoriatzakoak bide hari heldu zion. Adibide libertarioa hartu genuen oinarri. Guk bizi izan genuen hezkuntzaren oso bestelakoa zen hura", azpimarratu dute Sainzek eta Alzolak.

"FREINET METODOA ERABILTZEN HASI GINEN, ETA ASKATASUNA HELDU ZEN GELETARA"
MATILDE SAINZ OSINAGA, IRAKASLE OHIA
Lehen promozioan, 1979an, 39 ikasle irten ziren irakasle-diploma eskuetan. Bi urte geroago, 1981ean, titulurik gabeko irakasleen lehen promozioa irten zen. Alegia, ikastoletan edo herri-eskoletan euskaraz, irakasle-titulu barik, ari ziren 147 maisu-maistrak eskuratu zuten titulua urte hartan. Guztira, titulu bako 700 maisu-maistrak amaitu zituzten ikasketak Eskoriatzako Irakasle Eskolan. Bi data haien artean, 1980an, Eskoriatzako Irakasle Eskola kooperatiba bihurtu zen. "Oso inportantea izan zen lehen urteetan elkarren artean sortutako harremana. Lantalde oso txikia ginen, 10-13 pertsona artekoa, eta harreman sendoa sortu genuen guztion artean. Baita ikasleekin ere. Ez geunden irakasleak maila batean eta ikasleak gure menpe. Ez zegoen hierarkiarik. Familia txiki bat ginen. Gertutasuna identitate bat izan da".
Proiektu berriak
Hutsetik hasitako proiektua izanik, Eskoriatzako Irakasle Eskolan ikasgaiak emateko materiala ere orduko irakasleek prestatu behar izan zuten: "Bulego bakoitzean idazmakina bakarra genuen. Beraz, txandak hartu behar izaten genituen, materiala prestatu ahal izateko. Ostean, ordenagailuak etorri ziren eta formazioa eman ziguten. Pentsa zer izan zen hura... Hori bai, ordenagailu bana bulego bakoitzean. Bakarra edukita ere, aurrerapauso handia izan zen. Idazmakinaz sortutako materiala behin idatzita, ezin genuen zuzendu. Ordenagailuarekin, sikiera, manipulatu egin zitekeen. Zuzendu. Aldatu". Erronkak, bata bestearen atzetik.
Etengabeko birziklatze hartatik beste proiektu batzuk sortu zituzten: 6 urtera arteko haurren gaineko dokumentazioa biltzen, antolatzen eta zabaltzen hasi ziren 1984an; Jaurlaritzarekin batera irakasleendako birziklatzeko-programa abiarazi zuten 1985ean; eta Hezkuntza Berezia espezializazioaren sorrera 1996an, besteak beste.
Une gaziak ere bai
Atzera begiratu eta egungo Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea den horretan izan duten parte-hartzeaz oso pozik eta eskertuta daude Alzola eta Sainz. Nostalgia ere sentitzen dute, erretiratuta dauden aldetik. Baina, batez ere, harro daude, bizitza asko aldatu zituen proiektu aitzindari hartako kide izateagatik, baita eurenak ere. Izan ere, garai gogoangarriak bizi izan zituzten, gehienak; baina une txarrak ere egon ziren. "1992 eta 1995. urteen artean une oso gogorrak bizi izan genituen. Kobratu gabe egin behar izan genuen lan hilabete batzuetan", gogoan dute.

"LEHEN ETA ORAIN, JAKIN DUGU GIZARTEAREN PREMIEI ERANTZUNA EMATEN"
PILAR SAGASTA, IRAKASLE OHIA
Garai hartan heldu zen Irakasle Eskolara Pilar Sagasta (Arrasate, 1955), Ingeles eskolak ematera. Bete-betean harrapatu zuen krisiak. "Gogoan dut nola hasi ginen formazioak ematen, atseden barik. Bilbon, Donostian, ikastetxeetan… Irakasle Eskolan hasten ginen 08:45ean eskolak ematen, eta bukatzen genuen, adibidez, Bilbon, gaueko bederatzietan. Formazioa ematen genuen 18:00etatik 21:00etara. Dirua behar genuen Irakasle Eskola zulotik ateratzeko, eta neke barik egin genuen lan. Talde izaeraz egin genuen aurrera. Aurretik aipatu dugun komunitate izaerarekin", azpimarratu du Sagastak. Eta zera gaineratu du: "Eskoriatzako Irakasle Eskolan hasieran eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean ostean, jakin dugu gizartean zeuden premiei erantzuna ematen eta beharrezkoak ziren tresnak mahai gainean ipintzen: klaustroetan eta ikastetxeetan irakasleak formatzen, eskola proiektuak egiten laguntzen eta hezkuntza proiektuak garatzen. Aitzindariak izan gara, lehen eta orain. Sorreran eta 50 urteren ostean".
Gaur egun, 2.000 ikasle
1979ko lehen promozioan 39 ikaslek bukatu zituzten ikasketak. 2024-2025eko ikasturtean 556 izan ziren. Hortxe, ospatzen diharduten 50 urteko ibilaldiaren bilakaera. "Gaur egun, gutxi gorabehera, 2.000 ikasle, 170 lankide eta 50 kolaboratzaile ditugu. Gradu, master eta etengabeko prestakuntzako eskaintza zabala dugu, eta ikerketa eta transferentzia jardueran gero eta presentzia handiagoa dugu hainbat arlotan: hezkuntzan, komunikazioan, kooperatibismoan, kultur eta sormen industrietan eta humanitate digitaletan", azpimarratu du Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekano Nagore Ipiñak. Egungo fakultateak sorrerako Irakasle Eskolak emandakotik edaten eta elikatzen jarraitzen du. Ausarta eta beharrezkoa izan zen. "Testuinguru soziopolitiko zailean, hezkuntza propio baten aldeko apustua egitea eraldaketa-ekintza bat izan zen. Gaur, atzera begiratuta, harrotasunez esan dezakegu proiektu hark fruituak eman dituela: milaka profesional prestatu dira hemen, eta askok Euskal Herriko hezkuntza-sisteman eta gizartean eragin zuzena izan dute. Baina, nire ustez, proiektu hari gehitu behar zaio egiteko modua, etengabe berrasmatzeko gaitasuna eta ilusioa".

NAGORE IPIÑA HUMANITATE ETA HEZKUNTZA ZIENTZIEN FAKULTATEKO DEKANOA