Bolibar elizateko Karoi baserriko semea, baserrian jaio eta bertan bizi izan da gaur arte. Gaztetan soldaduska Gasteizen egin zuen; gero Ulgor fabrikan 17 urte inguru lan egin zuen, eta ondoren Radar enpresan jardun zuen. Hala ere, beti mantendu du lotura estua baserriarekin eta artzaintzarekin.
Tokiko ondare naturalaren ezagutza zuena
Baserriari eta inguruko naturari oso lotuta egon da beti, izan ere, baserritarra, artzaina eta tokiko ondare naturalaren eta toponimiaren ezagutzaile handia izan zen. 60 ardi inguru zituen, zaldiak, oiloak eta untxiak, eta gazta ere egiten zuen etxerako. Tokiko iturriak, mendia eta toponimia ondo ezagutzen zituen, eta horregatik gidari aritzeko eskaera ere egin zioten, iaz. Bertan, herritar talde eder batek gustura jaso zituen berarekin egindako ibilaldian, Bolibar inguruko iturburuak eta leku-izen zaharren azalpenak.