Xixilio Agiriano: "Uretzaren tela orbanak kentzeko sendagaia da"

Imanol Beloki Unamuno 2025ko urr. 17a, 08:00

Xixilio Agiriano Urgubez, Karoi baserri parean.

Aste Berdearen barruan, iturburuak ezagutzeko eta babesteko helburuarekin, urriaren 12an mendi ibilaldi gidatua egin zuten, Bolibar elizateko Karoi baserriko Xixilio Agiriano (Eskoriatza, 1946) gidari izanda.

Iturburuez gain, Agirianok tokiko toponimia aberatsa ere erakutsi zuen hiru orduko ibilaldian; herriaren tradizio eta bizimoduekin oso lotuta dauden eta belaunaldiak markatu dituzten antzinako izenak, besteak beste.

Bolibar elizateko Karoi baserriko semea zara, baina ez bakarra.

Jesus, Inaxio, Jose Maria, Arantxa [hilda dago] eta bostok. Hala ere, baserrian ni bakarrik bizi naiz, baina beti dut konpainia: anaiak, Aintzane eta Lorea ilobak direla…

Iturburuen gaineko mendi ibilaldia egin berri duzu 40 lagun ingururentzat; gustura aritu zineten?

Bai; oso pozik nago. Ez nuen espero hainbeste jende etorriko zenik, eta, jendeak interesa izatea poztekoa da. Bertara etorri ziren askok ezagutzen zituzten Bolibartik gora ditugun iturburu batzuk; beste batzuk, aldiz, ez. Uretzekoa ikusi genuen lehenbizi; Mandobiden Ustizar azpiko iturria; gero, Fraitturri; ondoren, duela urte pare bat egindako Zakuteizuloko iturrira joan ginen; handik, Hiruerreketakora, baina ez dago urik bertan; Zelai-erreko iturria ere badago… Horrekin batera, ezagutzen ez zituzten iturri batzuekin harrituta geratu ziren hainbat lagun. Adibidez, Trintxeretakoa; Bizkarlatza azpian dagoen iturria da, eta gerra garaian jarriko zioten izena iturri hari, seguru. Aska ederra dago han, aspaldi egindakoa, eta politena ere bada, nire ustez. Markiolako iturriaren alboan bada zulo bat haitz batean, eta esaten zen otsoek kumeak izaten zituztela bertan.

Iturrian edalontzia izatea ere komeni da, ezta?

Hala da. Leizargaratetik aurrera joanda dagoen Birebeko iturrian ura edateko potea kendu du norbaitek. Nire etxe albokoa ere eraman zuen norbaitek; gero, katearekin jarri nuen.

Dena den, Bolibarren ez da urik falta, hala?

Ur mota ezberdinak daude Bolibarren. Uretz baserrian, esaterako, ur sulfurosoa dago; Ustizarko iturrian haitz-ura, eta Makatzeko eremuan metal-ura. Uretza sendagarria ere bada. Izan ere, tela bat uzten du erreka bazterrean, eta ukendu ederra da granoak eta orbanak kentzeko. Konprobatu izan dut, eta hainbat herritarri eraman izan diet. Gozo Txiki taberna izan zuen Gemmari eraman nion, eta kendu egin zizkion. Gero, hark Francis Oyoni ere esanda, hari ere eraman nizkion pote pare bat; ondo egin zion hari ere.

Ikusten dudanez, ardiak ere badituzu; lana, beraz, soberan izango duzu?

60 ardi inguru izango ditut orain; sei zaldi, bost behor, oiloak eta untxi batzuk. Ardiak betidanik izan ditut; aitaren garaian, berriz, gehiago ere izan genituen. Hemen beti dago zer egin, baina gustura egiten dudan lana da. Orain, Alabita inguruan moxalak kendu behar ditut, eta baserrira ekarri. Gero, iritsiko da gazta egiteko garaia; nik etxerako soilik egiten dut.

Hori gustuko lana ere bada, akaso, baina artzain-lanetan soilik aritutakoa ez zara.

Soldaduska Gasteizen egin nuen, eta bandan sartzekotan egon nintzen. Nik ez nuen nahi, eta, azkenean, lorezain-lanetan aritu nintzen. Handik, fabrikara; Ulgorren hamazazpi urte inguru aritu nintzen, eta gero, birmoldaketa egin zuten, eta Radarren beste hainbat urtez aritu nintzen. Radar etxe alboan izanda, gustura aritu nintzen bertan, baita Ulgorren ere. Jende ona izan dut beti alboan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak