Irudimenak ez du mugarik izango zapatuan, Eskoriatzan

Imanol Beloki Unamuno 2026ko otsailaren 13a

Iaz, mozorro-desfilean izandako kuadrila bat.

Atzo, eguena, Aratusteei hasiera emanda, gaur, egubakoitza, Eskoriatzako musika bandaren kontzertua izango da, eta, bihar, Aratuste-zapatua izango da egun nagusia, Eskoriatzan. Hala ere, azken urteotan Aratuste-martitzena indartzeko saiakerari jarraituz, Kukumarro Eguna izendatu eta balioa eman nahi diote; batez ere, dantzei, eta beraz beteak datoz datozen egunak.

Gaur, egubakoitza, izango da Eskoriatzako musika bandaren kontzertua, Zaldibar antzokian, 20:00etan. Erritmoak eta Irribarreak gai gisa, honako hauek izango dira emanaldian entzun ahal izango diren piezetako batzuk: The Universal Band Collection, Ali Baba in Marrakech, The Sincopated Clock eta Spirit of life.

Aratuste-zapatua

otsailaren 14an ospatuko da Eskoriatzan, eta egitarauko ekitaldi nagusiak herri bazkaria eta mozorro desfile lehiaketa izango dira. Horren baitan, bazkaria 15:00etan izango da, eta ia 600 lagun lagun batuko direla adierazi du Eskoriatzako Udalak –572–. Iaz, inoizko daturik altuena izan zuen Aratuste-zapatuko bazkariak, eta aurtengoak gainditu egingo du bazkaltzera doazen pertsonen kopuru hori. Mozorro desfile lehiaketara begira, 13:00etan hasiko da, Partxis plazan, eta parte hartu nahi dutenek 12:45erako Manuel Muñoz kiroldegi aurrealdean egon beharko dute. Ibilbidea Intxaurtxuetatik Fernando Eskoriatza plazarainokoa izango da, eta Santa Marina plazan amaituko da. Oraindik ezin da jakin zenbat lagunek hartuko duten parte bertan, ekitaldia hasi aurretik ere hainbatek ematen dutelako izena. Gainera, eguraldi iragarpena ez da ona zapaturako, eta bertan behera gelditu liteke, nahiz eta, gaur-gaurkoz, aurrera jarraitzen duen hitzorduak.

Ekitaldi horiez gain, bazkalostean, DJ Moto (Andoni Moto) arduratuko da giroa jartzeaz. Arratsaldean, 16:15etik 18:15era, berriz, zezen mekanikoa, koltxonetak eta puzgarriak egongo dira Partxis plazan, eta, eguraldi txarra eginez gero, jarduerak Joseba Iñurrategi frontoian egingo dira. Ondoren etorriko dira mozorro lehiaketaren sari banaketa eta Sukal taldearen kontzertua, eta, segidan, Andoni Moto igoko da berriz agertokira, Fernando Eskoriatza plaza musikaz girotzera.

Kukumarro Eguna martitzenean

Aratuste-martitzenean, hilaren 17an, Kukumarro Eguna ospatuko da Eskoriatzan; aurten lehenbiziko aldiz izen horrekin. Herriko haurren kalejirarekin eta dantzaldiarekin hasiko da eguna, eta arratsaldean jarraituko du festa-egunak, 17:15ean irtengo baitira kalera eguneko protagonistak, kukumarroak. Eskoriatzako Inauterietako pertsonaia nagusiak dira kukumarroak; herritarrak zirikatzen eta beldurtzen arituko dira, sabelean mantal loredunarekin, bizkarrean ardi-larrua daramatela, eta puxikarekin haurren isekei erantzuteko gogo biziz irtengo dira. Ondoren, 18:15ean, kukumarroen kalejira egingo da, Ibarraunditik hasita, eta, jarraian, Inauterietako dantzak –Nafarroa Behereko dantza, kontradantza, dantza luzea, Baztango zortzikoa, buhameak, Altsasuko Inauteria eta Eskoriatzakoa Nasteborraste–.

"Gorosarri Dantza Taldetik 82 pertsona irtengo dira dantzara, eta aurrez horiek ikasteko antolatutako ikastaroan hemezortzi lagun aritu dira. Beraz, 100 pertsona izango gara Kukumarro Eguna ospatzen. Beldur gara, ea plaza txiki geratuko ote zaigun… Herri Inauteriak bultzatu nahian, oraingoz ez dugu parte hartzaileen kopurua mugatu nahi, eta ez dugu emanaldi perfektua egin nahi, Aratusteak kaosa direlako. Beraz, jendea gurekin parte hartzera gonbidatu nahi dugu, eta helburua herriko jaia herritarren artean ospatzea da", adierazi du Idoia Lahidalgak, Gorosarri Dantza Taldeko irakasleak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak