Interesa piztu du Eskoriatzako gaztetxoengan 'Xake goizak' egitasmoak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025eko abenduaren 13a

Gaur goizean egin dute Xake goizak egitasmoaren hirugarren saioa Eskoriatzako Udal Liburutegian, eta hantxe elkartu dira 10 bat gazte bi orduz xakean jokatzeko, Ander Oteroren gidaritzapean. 

Hileko bigarren zapatuetan egiten dute Xake goizak egitasmoa, eta halaxe egingo dute datozen hilabeteetan ere, 11:00etatik 13:00etara bitartean. Ander Otero da dinamizatzailea eta bi orduko saioetan, parte-hartzaileek elkarren kontra jokatzen dute Oterok laguntza ematen duen bitartean. 

Gaur gaztetxoak elkartu badira ere, herritar guztiei zabaldutako ekimena da. Ez dago izena eman beharrik eta nahikoa da Xake goizak ekimena egingo den zapatu horretan liburutegira joatea. "Etortzen den jendearen aurka jokatzen dituzu partidak. Duela hilabete batzuk umeendako klaseak eman genituenez, etortzen dira gaztetxo gehiago, baina edozein adineko pertsonak etor daitezke. Gurasoak ere etorri izan dira", dio Oterok. Azaldu duenez, gaurkoan 10 lagun joan badira ere, aurreko saioan, 22 elkartu zirela.

Burua erabili beharreko kirola

Oteroren hitzetan lehendabizi ikusi behar da bakoitzak ze maila eta ze esperientzia duen, eta hori garrantzitsua dela esan du. Saiatzen da haurrei jokaldiak erakusten, baina ikusi du zenbaitek jakiten dituztela jokaldi horiek.

Onurak ere badituela adierazi du. Helburutzat finkatu ditu partaideek ondo pasatzea eta ikastea. "Askotan hitz egin dugu hemen gure garunaren sormenerako xakeak dituen onuren inguruak. Xakeak hainbat aukera ditu, eta aukera horiek irakurri eta onena aukeratu behar dut, nire posizioa onena izateko. Onuragarria da, batez ere, umeendako eta formakuntza prozesuan".

Liburutegian badago aukera astean zehar ere xakean jokatzeko. Badaude xakeari buruzko liburuak eta badaude xakean jokatzeko xake-taulak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak