Egitasmoa hasi bakarrik egin den arren, interesa piztu du gaztetxoengan, eta bibliotekan eremu bat egokitu dute saioa ez dagoenean ere xakean aritzeko. Otero, bereziki, haur eta gaztetxoekin ari da lanean, xakearen oinarrizko mugimenduak eta jokatzeko moduak modu erraz eta dibertigarrian erakusten, nahiz-eta adin eta maila guztietakoei zuzendutako ekintza dela nabarmendu duen.
Nola hasi zinen xakearen munduan?
Etxean ikasi nuen nik xakean. Aita eta osaba zaleak ziren, eta haiekin batera hasi nintzen. Zaletasun gisa jokatu dut betidanik, eta bailarako pare bat txapelketatan ere aritu naiz, baina gehiago ez. Inoiz ez dut guztiz serio hartu; ondo pasatzeko soilik aritu izan naiz. Orain, berriz, dakidana irakasteko aukera dut.
Zergatik erabaki duzu irakastea? Edo nola iritsi zaizu aukera?
Abantaila asko ditu xakean aritzeak, eta haurren garapenerako onuragarria da. Niri transmititu didaten moduan, orain, nik ere transmititu nahi diet, haur, gazte eta helduei. Kontua da nire lagun baten ama nirekin kontaktuan jarri zela, bazekielako xakea gustuko nuela, eta, proposamena eginda, gustura hasi naiz Xake goizak egitasmoarekin.
Zer aurkituko dute ikasleek ikastaro horietan?
Adin eta maila askotarikoak izan ditugu. Haur oso gazteak etorri dira, pixka bat dakitenak. Haiek bikoteka jartzen ditut mailaren arabera, eta aholkuak ematen dizkiet. Horrekin batera, hutsetik hasi direnak ere egon dira, eta hasierako arauak zehaztu dizkiet hainbati. Helburua da ondo pasatzea eta ikastea, presiorik gabe.
Zein abantaila ditu xakeak umeentzat?
Arreta, erabaki-hartzea eta memoriaren garapena dira xakearen hainbat onura. Gainera, konfiantza ematen die haurrei: praktikatuz hobetu egiten dela ikusten dute. Haurrek zailtasun gehiago dituzte arreta jartzeko, baina, euren garuna esponja bat bezalakoa denez, xakean aukera ezberdinak daudela ikusten dute eta garunaren estruktura hobetzen du, hainbat mugimenduren artean onena zein den erabaki behar dutelako. Autoanalisi ariketa bat da.
Bihar, zapatua, hirugarren saioa izango duzu. Zer ikasiko dute gazteek?
Maila handiagokoak datozenean nire aurka aritu daitezke, baina haurrak euren mailaren arabera jartzen ditut. Nik, batzuetan, akatsak nahita ere egin ditzaket, erakusteko… Dena den, irakaste-prozesua oso dinamikoa da, eta inoiz ez dut taktika jakinik eramaten. Maila handitu ahala, ezaugarri tekniko gehiago lantzen joango gara.
Oraindik izena eman ez dutenek eta interesa dutenek zer egin behar dute?
Hileko bigarren zapatua iristean, goizean zehar bi orduz, 11:00etatik 13:00etara, xakean praktikatzeko aukera egongo da; beraz, etor daitezela nahi dutenak. Ez dago izenik eman beharrik, ikasteko gogoa izatea nahikoa da. Gainera, adin guztientzako saioak dira, eta maila guztietako pertsonentzat. Oso dinamikoa izaten saiatzen naiz, eta ez dago exijentziarik. Interesdunak anima daitezela.