Bibliotekako eremuan erakusketa berria jarri dute

Imanol Beloki Unamuno 2025eko azaroaren 14a

Estefania Izagirre, bibliotekan, erakusketako lan batzuk atzean dituela.

Udal Bibliotekako zerbitzua indartzeko ekintzen artean, erakusketak jartzeko txoko bat egokitu dute. Irailetik urrira bitartean Almeneko ikasleen lanak izan dira ikusgai, eta aste honetan Estefania Izagirre eskoriatzarrak jarri ditu bere margolanak ikusgai.

Irailean Eskoriatzako Udal Liburutegian txoko bat ireki zuten, herriko sortzaileen lanak azaleratzeko. Lehenengo protagonistak Arizmendi-Almen Ikastolako ikasleak izan ziren –Eider Leturiaga, Ilargi Herrero eta Iraide Donoso–. Haien proiektua, Errealismotik abstrakziora izenekoa, marrazki eta pintura-lanen bilketa zabala izan zen. Hilabetez ikusgai egon ondoren, atzo, eguena, Estefania Izagirre eskoriatzarraren lanak jarri dituzte txokoan.

Herriko artisten espazioa

Liburutegiko txoko berriak herriko sortzaileek duten sormena ikusgai jartzeko aukera eskaintzen du, eta bisita egiteko aukera erakargarri bihurtzea dela asmo adierazi dute bibliotekako ordezkariek. Hori horrela, egitasmoa hasi berri, herritarrak proiektura erakartzeko asmoa dutela adierazi du Olaia Benitok, udal langileak: "Biblioteka kulturgunea ere bada, eta askotariko diziplinak elkartzen dira bertan. Beraz, espazio polit eta interesgarria iruditu zitzaigun. Hilabete inguru izan dugu lehenengo erakusketa ikusgai. Orain, Estefania Izagirre herritarraren lanak jarri ditugu, eta, aurrera begira, bibliotekako beste erabiltzaile baten lanak ere jarri nahi genituzke".

Aukerarekin eskertuta

Estefania Izagirre artista eskoriatzarrak adierazi duenez, egunerokotasuneko objektuak marrazten ditu sarri, eta eskertuta dago Udal Bibliotekan bere lana erakusteko aukera izateagatik. "Nire lehenengo erakusketa da eta 12-14 lamina dira jarriko ditut. Erabiltzen ditudan teknikei dagokienez, bizitzako eguneroko elementu naturalekin esperimentatzea gustatzen zait. Halaber, akuarela eta errotuladoreak ere erabiltzen ditut. Nire lana egiteko, berriz, kalean, hirian eta naturan atentzioa ematen didaten gauzetan inspiratzen naiz. Gaur egun, Pinterest aplikazioa eta, oro har, webguneetara sartzea tresna baliagarria da ideiak hartu eta gero, nire estilo pertsonala gauzatzeko. Ez nukeen inoiz imajinatuko liburutegian toki bat izatea; nire bi pasioak biltzen dituen tokia: irakurketa eta artea. Liluratuta nago eta eskertu egiten dut aukera hau izana".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak