Eskoriatzako bibliotekan erakusketak egiteko txoko berri bat jarri dute, sortzaileen lanak azaleratzeko. Horren baitan, Arizmendi-Almen ikastetxeko Eider Leturiaga, Ilargi Herrero eta Iraide Donoso ikasleek euren proiektua jarri dute bertan ikusgai, eta horiek ikusteaz batera, lanaren azalpena ere irakur daiteke.
Biblioteka, leku aproposa
"Duela hilabete batzuk, sortzaileentzat espazio bat prestatzeko ideia otu zitzaigun. Horretarako leku aproposa da biblioteka, ez dugu zalantzarik, kulturaren erdigunea baita, eta bertan diziplina ezberdinak batzen dira: ipuinak, musika… Eta leku interesgarria dela uste dugu. Espazioan, gainera, isiltasuna ere eskatzen denez, bibliotekako giroak ere horretarako aukera ematen du. Hala, Arizmendikoen proposamena jasota, lekua eman diegu. Orain, ikusgai izango dugu", dio Olaia Benitok, Eskoriatzako bibliotekako langileak.
Errealismotik abstraktura
Nola iritsi gaitezke irudi bidez errealismotik abstrakziora? galderari erantzunez irudi errealistak egin dituzte, lehenbizi, Almeneko ikasleek, eta askotariko estiloak jorratu –fauvismoa, kubismoa eta surrealismoa–, abstrakziora iritsi arte. Lanaren helburua, berriz, artearen bidez irudiaren bilakaera eta sormen prozesua modu bisualean erakustea izan dela nabarmendu dute.
Ikasleek bibliotekan jarri duten erakusketako lanetan teknika konbinatuak erabiliz –arkatza, kolorea eta konposizio geometrikoak–, forma errealistatik abiatuta abstrakziorako bidea jorratu dute Eskoriatzako bibliotekan ikusgai jarri duten proiektuan. Prozesu honetan ikus daiteke nola garatzen duten sormen pertsonala, ikusizko adierazpena eta artearekiko ulermena. Lanek aniztasuna eta originaltasuna erakusten dute, eta ikasleen begirada artistikoaren eboluzioa modu bisualean irudikatzen dute.
Interesdunei ateak irekita
Aurrera begirako asmoa, berriz, hilero edo aldiro erakusketa berri bat jartzea dela dio Benitok: "Horretarako, sortzaileei edo zerbait erakusteko duten guztiei animatzeko eskatu nahi genieke, eta ez soilik erakutsi nahi dutenei, gauza berriak ikusi nahi dituenak ere ateak irekita dituela azpimarratu nahi dugu. Horretarako, bibliotekara etorri, deitu 943 71 31 35 telefono-zenbakira edo idatzi biblioteka@eskoriatza.eus helbidera.