Eskoriatza elkarrekin eraikitzera gonbidatu du EH Bilduk alderdi jeltzalea

Imanol Beloki Unamuno 2025eko azaroaren 11

Eskoriatzako ordezkari politikoak osoko bilkura batean.

Eskoriatza elkarrekin eraikitzera gonbidatu du EH Bilduk alderdi jeltzalea. "Elkarlanerako eta eztabaidarako espazioetara etortzera gonbidatzen ditugu; izan ere, komunikabideak ez dira horretarako tresna, batzorde eta bilera instituzionalak baizik".

Eskoriatzako EAJk Udal Gobernuak "inbertsio gutxi" egin dituela agintaldi honetan adierazi du, besteak beste, eta, horri erantzunez,  "Gezurrak hanka motzak ditu" diote Eskoriatzako Udal Gobernuko kideek.

Aurreko agintaldiko proiektuak

Eskoriatzako EH Bilduren udal taldetik harridura adierazi nahi izan du EAJren adierazpenak irakurrita, eta honakoa erantzun dute Bilduko ordezkariek, aurreko agintalditik datozen proiektuak gauzatu dituztela, batez ere, adierazi ostean: "Oso positibotzat jotzen dugu aurreko legealdiko proiektuak jasotzea. Ulertzen dugu udal proiektuak, azken finean, proiektu komunitarioak direla, herritarrengandik sortuak eta herritarrentzat egindakoak. Hala ere, eskertzekoa izango litzateke gobernu aldaketaren unean proiektu bakoitza zein fasetan zegoen jakinarazi izan baligute, kudeaketa egokiagoa egin ahal izateko. Zoritxarrez, EAJk ez zuen informazio-eskualdaketarik egin, eta ordutik, arduraz jardun dugu proiektu horiek ahalik eta hobekien gauzatzeko", nabarmendu du Eskoriatzako EH Bilduk.

Lanketa batzordeetan egin behar dela azpimarratuz

EAJk egindako adierazpenean, Gizarte politikak eta jubilatuen etxea aipatzen dituzten lerroek ere arreta handia eman dietela ere azpimarratu dute Udal Gobernuko kideek. "Gogorarazi nahi dugu Gizarte Zerbitzuen Batzordea badagoela, horrelako gaiak udaleko teknikarien laguntzaz aztertzeko eta elkarrekin irtenbide onenak bilatzeko. Hala ere, gobernu aldaketaz geroztik, EAJren ordezkaritzak zazpi batzarretatik bitara bakarrik gerturatu dira 2025an, eta 2024an egin diren hamaika batzarretatik hirutan baino ez du parte hartu. Zaila da gizarte-politikak hobetzeko proposamenak egitea parte hartzen ez denean. Parte-hartzea errazteko asmoz, EH Bilduk legealdi honetan lau batzorde iraunkor baino ez sortzea erabaki zuen, alderdi guztiek modu erosoan parte hartu ahal izan zezaten. Hala ere, badirudi udaleko gai batzuetan soilik dagoela interesa, eta zoritxarrez, gizarte zerbitzuak ez direla EAJren lehentasuna. Batzorde horietara etorri izan balira, ikusiko zuketen inbertsio askok pertsonen eta haien zaintzaren inguruko proiektuak direla, izan ere, herria bertan bizi diren pertsonetatik eraikitzen dela uste dugu. Horregatik, errealitatetik hain urrun dauden adierazpenak irakurtzeak tristura ematen digu. Ez dugu egokitzat jotzen herritarrei gezurra esatea, ezta komunikabideak erabiltzea ere udalaren lanaren irudi okerra sortzeko".

Inbertsioen datuak "okerrak"

Horren baitan, EAJk adierazitako inbertsioen diru kantitateak ez direla zuzenak nabarmendu du Udal Gobernuak. "Gezurra diogu, adibidez, 2024ko inbertsioetan 132.000 euro aipatu duten tokian 677.771,47 euro gastatu direlako eta, 2025an, 112.000 euro dioten tokian, 434.903,78 euro gastatu direlako. Hurrengo urtera begira ere beste inbertsio batzuk aurreikusten dira, musika eskola edota irisgarritasun proiektuak, esaterako. Datu hauek publikoak dira, eta herritarren esku daude".

Elkarlanerako gonbita

Eskoriatzako EH Bilduk honako hau ere gaineratu du: "Ez dugu behin eta berriz egiten duguna goraipatu beharrik; nahiago dugu zintzotasunez eta isilean lan egin, oposizioa nahasi edo desitxuratu gabe. Azken finean, Eskoriatza guztion artean eraikitzen dugu, eta horregatik gonbidatu nahi dugu EAJ elkarlanerako eta eztabaidarako espazioetara etortzera; izan ere, komunikabideak ez dira horretarako tresna, batzorde eta bilera instituzionalak baizik". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak