Irailaren 12tik 14ra ospatuko dituzte aurten San Pedro eta Intxaurtxueta auzoetako festak. Azken urteotako arrakastaren ondotik, antolatzaileek, beste behin ere, musikari garrantzi handia eman diote egitarauan, eta, gainera, euskal kutsua areagotzeko helburuarekin, domekarako hainbat hitzordu berri antolatu dituzte.
Jaiak egubakoitzean hasiko dituzte, 18:00etan, txupinazoarekin. Boloa egingo dute, buruhandiak ibiliko dira kaleetan, eta musikarik ez da faltako. Izan ere, Eskoriatzako Ad Libitum txaranga irtengo da iluntzean herria girotzera, eta gauean Obaneuke erromeria arituko da, eguna borobiltzeko.
Herri bazkarian 150 lagun
Zapatuan goizeko hamarretan ekingo diote egunari, eta, horretarako, Eskoriatzako txistulariak izango dira San Pedro eta Intxaurtxueta auzoak girotzen eta, bide batez, auzotarrak esnatzen. 11:30ean gimnasia erritmiko erakustaldia izango da, eta eguerdian Duo Imperial taldeak musika saioa egingo du. 15:00etan, berriz, herri bazkaria izango dute. "Bazkaltzeko 150-160 lagun batzea aurreikusten dugu. Beti izaten da arrakastatsua", adierazi du Andoni Motok, San Pedro eta Intxaurtxuetako jai batzordeko kideak.
Arratsaldean, Primo Bayo diskomobilarekin arituko da kalejiran, eta gero, urtero antolatzen duten parrilladak ere ez du hutsik egingo. 22:45ean su artifizialak ikusteko aukera izango da, eta ondoren Oihan Vega DJa arituko da musikaz girotzen. Haurrentzako parkea ere izango da: goizean 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldean 17:00etatik 20:00etara bitartean.
Domekan berritasunak
Domekan, jaietako azken egunean, euskal kulturaren presentzia bereziki nabarmenduko da, eta, programazioan hainbat ekintza urterokoak badira ere, orain arte antolatu gabekoen aldeko apustua egin dute oraingoan. "Domekako egunari buelta bat eman nahi izan diogu aurtengo jaietan; batez ere, euskal giroa sortzeko asmoarekin. Oker ez banago, gaiteroak lehenengo aldiz izango dira San Pedro eta Intxaurtxueta auzoetako jaietan. 11:00etan izango ditugu, eta eurek izango dute egunari hasiera emateko ardura. Aretxabaletatik etorriko diren erraldoiak ere bertan izango ditugu, txistor-jana ere bada, herri kirolak…". Bazkaria Zuk ekarri zuk jan moduan egingo da, eta bingoa egin ostean, 20:00etan emango zaie amaiera jaiei.
Autobus zerbitzu berezia
Eskoriatzako jaietara jendea erakartzeko, gainera, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebuseko zerbitzu bereziak jarriko ditu egubakoitzean.