Irailaren 12tik 14ra bitartean ospatuko dituzte San Pedro eta Intxaurtxueta auzoetako jaiak, San Pedro Txikiak. Hiru eguneko egitarau oparoa eta askotariko ekintzekin betetakoa prestatu dute bertako bizilagunek: herri bazkaria, nagusientzako luntxa, bingoa, herri kirolak, haurrentzako jolas-parkea, su artifizialak, musika kontzertuak eta beste hainbat ekintza; guztiak, auzotarrak eta bisitariak elkartzeko asmoz.
Bazkariko txartelak salgai
Hilaren 13an, zapatua, ohiturari jarraituz, Sarayola arduratuko da herri bazkariko cateringaz. Helduentzako menuak 25 euro balioko du eta haurrenak, berriz, 15 euro. Hala, txartelak salgai daude, Ilargi tabernan eta Dorleta liburu-dendan, eta horiek erosteko azken eguna irailaren 7a izango da. 621 07 16 30 zenbakira deitu edo spibizilagunelkartea@gmail.com helbidera idatzi daiteke informazioa lortzeko eta lekua gordetzeko.
Musikak protagonismo handia
Jaiei hasiera emateko, Eskoriatzako Ad Libitum Txarangak kaleak alaituko ditu, eta gau partean, Obaneuke Erromeria ere arituko da. Egitarauari erreparatuz, Primo Bayo disko-mobilarekin izango da musika jartzen, eta Oihan Vega DJa ere arituko da zuzenean, 23:00etan. Horrez gain, Duo Imperialen emanaldiak eta su artifizial ikusgarriek osatuko dute hilaren 13ko eguna. Domekan, berriz, gaiteroen saioarekin hasiko dute eguna, eta eguerdian, erraldoien kalejira musikaz girotzen ere eurak izango dira.
Egitaraua
Irailak 12, egubakoitza
• 18:00 Txupinazoa.
• 18:10 Boloa.
• 18:15 Buruhandiak.
• 18:30 Ad Libitum txaranga.
• 19:00 Nagusientzako luntxa.
• 23:00 Obaneuke erromeria.
Irailak 13, zapatua
• 11:00 Umeentzako parkea.
• 11:30 Ipurua taldearen
erakustaldia.
• 13:00 Duo Imperial.
• 15:00 Herri bazkaria.
• 17:00 Primo Bayo.
• 19:00 Parrillada.
• 22:45 Su artifizialak.
• 23:00 Oihan Vega.
Irailak 14, domeka
• 11:00 Merkatua.
• 11:00 Gaiteroak.
• 11:00 Erraldoiak.
• 11:00 Txistor-jana.
• 13:00 Herri kirolak.
• 15:00 Zuk ekarri zuk jan bazkaria.
• 17:00 Bingoa.
Autobus zerbitzu berezia
Eskoriatzako jaietara jendea erakartzeko, gainera, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebuseko zerbitzu bereziak jarriko ditu.
Azahara Dominguez diputatuak jakinarazi duenez, zerbitzu horiek irailaren 12tik (ostirala) 13rako gauean izango dira. "Gipuzkoarrek jaiez modu eroso, jasangarri eta, batez ere, seguruan gozatu ahal izatea nahi dugu. Hori dela eta, beste herri batzuekin egiten ari garen bezala, Lurraldebuseko zerbitzu bereziak jarriko ditugu martxan, hala nahi duten pertsona guztiek, autoa izan ala ez, Eskoriatzara hurbiltzeko aukera izan dezaten. Garraio publikoa aisialdian indartzea eta herritarrentzat eskuragarri egitea ezinbestekoa da joan-etorrietarako ohitura
iraunkorrak ezartzeko".
Horrekin batera, Edorta Zubizarreta, Eskoriatzako alkateak honakoa adierazi du: "San Pedro eta Intxaurtxuetako jaiak gero eta indar handiagoa hartzen ari dira Eskoriatza eta gainontzeko bailarako herritarren artean. Aurten ere, egitarau erakargarria prestatu dute asteburu horretaz gozatzeko, baina ezinbestekoa da herritarrek garraio publikoa erabiltzeko aukera izatea bailarako herrietatik bertara hurbiltzeko eta joan-etorrietako segurtasuna bermatzeko. Horregatik, asko poztu gaitu Aldundiak aurten ere, zerbitzu bereziak ezartzeko eskaerari erantzun izanak".