Udalekuei agur esateko, azken jaia egin dute

Imanol Beloki Unamuno 2025ko uzt. 23a, 11:19

Eskoriatzako udaleku irekietako haur talde bat, Luis Ezeizako kantxan.

Martitzenean, hilaren 22an, amaitu zituzten, azken jaia eginda, Eskoriatzako Txirikilla aisialdi Elkarteak kudeatutako udaleku irekiak. aurten, 140 haur inguru aritu dira herriko bazterretan jolasean, hamazazpi begiralek dinamizatutako udako aisialdian.

140-145 haur inguru, hamazazpi hezitzaile eta bi zuzendari izan dira Eskoriatzako udalekuetan, eta, martitzenean amaiera emanda, balorazio positiboa egin dute koordinatzaileek. Berrikuntzek eta aurrez antolatutako lanek fruituak eman dituztela nabarmendu dute, eta begirale berriek zein orain artekoek maila oso ona eman dutela adierazi dute Txirikilla Aisialdi Elkarteko zuzendaritzakoek.

Begiraleen lan ona

"Orokorrean, oso ondo joan dira udalekuak. Begirale talde oso ona izan dugu, eta, horietako asko berriak izanda, aurreikusi baino hobeto aritu dira. Talde ekintzailea izan da, eta gauzak aldatzeko gogoz etorri dira; adibidez, eurak haurrak zirenean gustuko zituzten ekintzak sustatu dituzte, eta praktikara era-
man. Oso giro polita izan da begiraleen guztien artean, eta horrek, gainera, eragina izan du haurren taldeetan", adierazi du, Maider Uribek, Eskoriatzako Txirikilla Aisialdi Elkarteko zuzendariak.

Aurtengo begiraleak talde argazkian.

Begiraleak haurrak zireneko jolasak berreskuratze horretan, Altxorraren bila jokoa taldeetan egin beharrean Altxorraren bila kolektiboa egin dutela adierazi du Uribek: "Txikienek ez egin arren, gainontzeko taldeak nahastuta ekintza aurrera atera dute, eta berezia izan da. Errepikatzeko modukoa".

Irteeretan berrikuntza

Herriguneko ekintza eta jolasetan aritzeaz batera, irteera bereziak ere egin dituzte; Mutrikuko igerileku naturaletara Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetakoak joan dira, eta gainontzekoek, berriz, Elgoibarko igerilekuetara egin dute txangoa. "Aurten, bi data ezberdinetan joan gara; bi eguen ezberdinetan. Izan ere, Eskoriatzako udalekuez gain, beste udaleku batzuetan ere parte hartzen dute hainbat haurrek, eta, eurei galdetuta, datak aurrez erabaki genituen, inork hutsik egin ez zezan. Hala, bi egunetan banatuta egin ditugu irteerak berritasun gisa".

Ekintza esanguratsuak

Azken jaiari dagokionez, ez dute haur guztiek etxekoen aurrean dantza egin, urtero bezala. "Ordu asko ematen zituzten dantzak entseatzen, eta askok ez zuten hainbeste disfrutatzen. Hala, haurrei aukera eman zaie dantza egiteko, behartu gabe. Hala, hainbatek dantzak egin dituzte, begiraleari tiro eta luntxa izan dugu, eta gero, Santa Marinan jarritako ur-puzgarrietan borobildu dugu jaia".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak