Geotermia sistema ezartzeko lanak martxa onean doaz, eta lehenengo fasea amaituta, bigarrenari ekin diote. Luis Ezeiza Herri Eskolan eta Manuel Muñoz kiroldegian geotermia sistema ezartzeko lehenengo fasean zundaketa lanak egin zituzten, eta, horiek amaituta, bi eraikin publikoetako galdara-geletan konexioak egitea izango da hurrengo urratsa; hain zuzen ere, bi eraikin horietan geotermia sistema ezartzeko.
Zundaketa fasea amaituta
Ane Sainz-Trapagak, Telur enpresako geotermia-proiektuen azterlanen arduradunak adierazi duenez, aurreikuspenak betetzen ari dira, eta lan konplexua den arren, urrirako martxan egongo da geotermia sistema Luis Ezeiza Herri Eskolan eta Manuel Muñoz kiroldegian. "Lehenik eta behin, zirkuitu geotermiko osoaren zundaketak egiten hasi ginen, lurra aztertu ondoren. Horretarako, 150 metroko sakonerako 36 zundaketa egin ditugu; gero, zundaketa bakoitza konektoreen kutxatila batera konektatu behar da. Guztira hiru kutxatila daude, eta horietatik eraikinetara geotermiara iristen diren eroanbideak daude. Lehenengo fasea, kanpoan egin beharrekoa amaituta dago, eta, orain, bi eraikinenen barruan arituko gara lanean".
Geotermia bideratuz
Kiroldegiko eta eskolako gela mekanikoen barruan, gela mekanikoa birgaituko dute, eta, hori gauzatzeko honakoa egingo dutela laburbildu du Sainz-Trapagak: "Bero-ponpa berriak jarriz birgaituko ditugu bi gela mekanikoak, lurraren zirkuituarekin konektatuta, eta, era berean, bi eraikinetako beroa banatzeko sistema osoari konektatuta".
Zundaketa lan horietan oztopo edo eragozpenik izan duten galdetuta, ez dutela inongo trabarik izan adierazi du geotermia-proiektuen azterlanen arduradunak: "Geologia apetatsua da, eta espero ez zenituen eragozpenak aurki ditzakezu. Gure kasuan, zulaketa konplexua izan da, baina ez espero genuena bezain konplexua. Zundaketa bat ezin izan da nahi zen sakoneran egin, baina ondo joan da".
Urrirako amaituta
Urrirako amaituko dituzte Eskoriatzako geotermia lanak. Hala, eguraldi hotza hasten denerako eskolan, kalefakzioa, sistema berriarekin martxan jartzea da asmoa. Kiroldegiaren kasuan, berogailu-sistemarekin batera, igerilekua eta ur bero sanitarioa ere sistema geotermikoak hornituko du.