Eguenean hasi zituzten Eskoriatzako Txirikilla Aisialdi Elkarteak kudeatutako udaleku irekiak, eta, hilaren 22ra arte, astegunetan, egunero, askotariko ekintzak izango dituzte herriko gaztetxoek. Hala, egun horietan herriko txoko horiek haurren jolas-eremu bihurtuko dira.
Aurten, 140 haur inguruk eman dute izena Eskoriatzako udalekuetan, eta hamasei begiralek dinamizatuko dituzte. Koordinatzaile gisa, berriz, aldaketa izango da; izan ere, urte askoan hezitzaile izan diren Saioa Uribe eta Elaitz Iregi arituko dira lan horretan, nahiz eta Maider Uribe eta Maialen Lete ere, laguntzeko prest, gainean izango dituzten koordinatzaileen gidaritzapean.
Hezitzaileen formakuntzak
Hezitzaileek urtero egiten dituzte formakuntzak, udalekuak hasi aurretik, eta aurten bi egunetan egin dituzte: maiatzean, taldeen banaketak eta ekintzen prestaketak izan zituzten hizpide; eta ekainean egindako formakuntzan, berriz, lehen sorospeneko saioak izan zituzten. Horrekin batera, talde guztiek elkarrekin egingo dituzten ekintzak antolatzeko denbora ere hartu zuten.
Irteerak eguenetan
Eguenetan egun-pasak egingo dituztela adierazi du Maialen Letek, Txirikilla Aisialdi Elkarteko kideak: "Inguruko auzoren batera edo mendira joatea da asmoa, adinaren arabera banatuta. Hurrengo ostegunean, esaterako, autobusa hartu eta Eskoriatzatik irtetea da asmoa. Araiara, Elorriora edo Mutrikura joango gara".
Azken jaian aldaketak
Berrikuntza moduan, aurten egingo duten azken jaia hezitzaileen eta haurren artean ospatuko dute. "Gurasoen iritzia garrantzitsua da, baina haurrena ere garrantzitsua dela uste dugu, eta orain arte egin ditugun balorazioetan honako hau adierazi dute haurrek: ez dituztela azken eguneko dantzak egin nahi; beraz, aurten proba egingo dugu, eta ez dira dantzak egingo. Egia esan, aurreko asteetan denbora asko pasatzen dute dantzak entseatzen, eta, hala, beste ekintza eta jolas batzuk egiteko denbora gehiago izango dute".