Irudia eta narrazioa darabiltza Maite Ponferrada eskoriatzarrak –Pletina Films ikus-entzunezko estudio kreatiboaren sortzaileetako bat da, eta ekintzailea– "hunkitzeko, inspiratzeko eta kontzientzia sortzeko" asmoz, "mundua ikusteko eta bizitzeko modua eraldatzeko", eta, besteak beste, hori aintzat hartuta jaso du Inspira Gazteak Sariak, beste lau emakumerekin batera, bost banatu baitituzte guztira: Shrabani Aranzabe-Pita, Ainhoa Bereziartua, Maddi Goikoetxea eta Sofia Ferreira. "Saridunen ibilbideak ilusionagarriak, sinesgarriak eta sendoak dira, eta haien grina eta konpromisoa kutsakorrak. Euskal Herriko etorkizuna itxaropenez betetzen duten eragile inspiratzaileak dira", adierazi du Aizpea Goenagak, epaimahaiko lehendakariak.
120 proiektu baino gehiago jaso dituzte aurten sariketarako proposamentzat, Kutxa Fundazioak emandako datuen arabera, eta aurkeztutako lanen "maila eta kalitatea" azpimarratu ditu. Hamabost finalista iritsi dira finalera –Ponferrada ez ezik, tartean da Eider Etxebarria arrasatearra ere, saririk irabazi ez duen arren–, eta horietatik bostek eskuratu dute 15.000na euroko saria, "ibilbide inspiratzaileei jarraipena eta babesa emateko asmoz".
Sariketaren jatorria
Ander Aizpuruak, Kutxa Fundazioko zuzendariak, adierazi du "mundu hobe batekin amets egiteaz gain, mundu hori eraikitzeko egunero lan egiten duen Gipuzkoako gazte talentua aitortzeko eta babesteko jaio" zela proiektua: "Gazte horien istorio bakoitzak inoiz baino gehiago behar dugun lidergo modu bat islatzen du; inposatzen ez den lidergo bat, inspiratu egiten duena baizik. Ez duena protagonismorik bilatzen, eragina baizik. Ez duena lehiatzen, gizartean eraiki baizik"