Asteburu honetan, egubakoitzeko 22:00etatik, eta asteleheneko 06:00ak arte, AP-1eko Eskoriatzako 123 lotunea, itxita egongo da bi noranzkoetan bide-adarretako errodadura geruza berria zabaltzeko. Behobiarako noranzko irteerako adarra ere astelehen eta asteartean itxita egongo da gauez , 22:00etatik 06:00etara. Alternatiba gisa, Arrasateko 130 lotunea erabiltzea gomendatu dute Aldunditik.
Otsailean hasitako lanak
Lanak AP-1 autobidearen Eskoriatzako lotunea hobetzeko proiektuaren barruan sartzen dira. Horren arabera egun Bilbotik edo Behobiatik Gasteizko noranzkoan Eskoriatzan ateratzen diren trafikoetarako irteera-adarrak duen stop-a kentzen da eta bestalde Gasteiztik Eskoriatzako irteerara iristen diren ibilgailuek erabiltzen duten irteera-adarrak azelerazio-errei berri bat izango du, eta 200 metro ingurukoa den adarraren amaieran pasatzen uzteko seinalea izango du, Bilbotik edo Behobiatik datozen trafikoen irteera-adarraren elkargunean.
Ia 900.00 euroko lanak
Azelerazio-errei berria lortzeko, egungo argiztapen-kutxetak eraitsi dituzte, eta argiztapen- eta telekomunikazio-lineak kendu dira, trazadura berriaren gainean zaudelako. Horrez gain, autobidearen enborraren eskuineko ertzeko ezponda segurtatzeko jarduketa bat egin da, sareak eta gunitako bi geruza jarrita. Hobekuntza lanetan Bidegik 883.000 euro gehi BEZ-a inbertituko ditu.