1984an gazte talde batek sortutako Eskoria-Tza taldea Xabin Zubiete, (ahotsa), Josu Errasti (gitarra), Pepe Arregi (baxua) eta Suso Izurrategi (bateria) osatzen zuten, eta taldea deseginda dagoen arren, garai hartako oroitzapenak berreskuratu nahi izan dituzte.
Ramon Ugalde arrasatearrak filmatutako bideo batzuk, Eskoriatzako Udal Artxiboko zuzeneko bat, Goienako irudi batzuk, kartelak, argazkiak... batu, eta tartean 2010 urtean egin zen diskoaren ber-edizioko zuzeneko eta entsegu lokaleko abestiren bat batu dituzte, guztiari forma emateko. Hori horrela, ikus-entzunezko bat egin dute Eskori-Tza taldearen Zurrunbilo kaotikoa kanta eta Sham 69 taldearen If The Kids Are United kantuaren zati bat erabilita.
Ikus-entzunezkoa omenaldi gisa
Honela adierazi dute Pepe Arregi baxu-jolearen Antxon Arregi semeak: "Bi anaiok musikari diogun zaletasuna kontuan izanik, bildutako material grafikoari taldearen kanta baten grabaketa gehitu izan nahi genion. Kanta aukeratzea falta zitzaigun ordea. Entsegu lokaleko grabazioak behin eta berriz entzun ostean, Pablori (lankide ohi bat) Zurrunbilo kaotikoa kantak sortzen zizkion gogorapen onak oroitu genituen eta ez genuen zalantzarik izan. Norabide garbirik gabe hasi genuen "oparia" forma hartzen hasi zen urtarrilean, eta taldea izan zenaren omenalditxo polita izan zitekeela ikusita lanean jarri ginen buru-belarri".
Gogoz aritu dira bi anaiak bere aitaren gaztetako oroitzapenetan murgilduta: "Urrutitik bizi izan dugu 80. hamarkadan lau gazte hauek egin zutena, eta gure aitak esaten duen moduan gauza bakoitzak bere momentua duen arren Xabin, Errasti, Suso eta aitari omenalditxo hau egin nahi genien".
Lokalean grabaketak
Entsegu lokalean sartu eta Zurrunbilo kaotikoa kantaren bateria, baxua, gitarrak eta ahotsak grabatu dituzte Arregi anaiek. "Material dezente genuela ikusita Sham 69en If The Kids Are United kantuaren zati bat ere grabatu genuen bideoa borobiltzeko. Lehen nahasketa baten ostean Mikel Kazalis-ekin jarri ginen harremanetan, bagenekien Eskoria-Tzarekin eszenatokia partekatutakoa zela Anestesia taldearekin, eta nostalgiatik tiraka nahasketari beste buelta bat eman zion abestiei zikintasun puntu hori emanez".
Ezinbesteko laguntza
Bideoaren eta argazkien maketazioan berriz Gorka eta Xabier Martin ibili dira eta eskerrak emateko aprobetxatu dute Arregi anaiek: "Oso eskertuta gaude biei, kartel, argazki eta bideo anabasa horri forma ederra eman diote bien artean eta gure buruan oparitxo bat zena beste maila batera eraman dute.
Esker mezua
"Eskoria-Tzaren zuzenekoetan izan zen jendeak buruan izan ahalko lituzkeen bi abesti berreskuratu eta omenaldi hau guztiekin partekatzea dela uste dugu omenaldi politena. 40 urteren ostean nork sinetsi dezake hori dela demokrazia? Bizi garen zurrunbilo kaotikoan ez dugulako inoiz maitatuko gure etsaia!! Esker bereziak Gorka eta Xabier Martini bideo eta argazkien maketazioarekin eta Mikel Kazalisi nahasketan eta masterizazioan laguntzeagatik".