Eskoria-Tza taldeko Xabin Zubiete abeslaria hil da

Imanol Beloki Unamuno 2024ko ira. 11a, 13:26

Xabin Zubiete Eskoria-Tza taldeko abeslaria atzo hil zen, Donostian, 55 urte zituela. 20 urte zituela esklerosi anizkoitza diagnostikatu, eta, gaixotasunak asko oztopatu zuen eskoriatzarraren bizimodua.

1984an gazte talde batek sortutako Eskoria-Tza taldeko abeslaria izan zen Xabin. Berarekin batera Josu Errasti (gitarra), Pepe Arregi (baxua) eta Suso Izurrategi (bateria) osatzen zuten taldea, eta, sei kantu zituen diskoa argitaratu zuten. Punk-Hardcore mugimenduan erreferente izan zen Eskoria-Tza taldeko abeslaria, eta hala diote garaiko musikari eta musika adituek.

Eskoria-Tza taldeko kideak talde argazkian.

Xabin Zubiete eta Pepe Arregi.

Xabin Zubiete eta ‘Tapas’.

Basati Diskak-en hirugarren lana

Basati Diskak diskoetxeko Jabi Sayes-ek begiz jota, diskoetxeak argitaratutako hirugarren lana izan zen Eskoria-Tza taldearen lana –Lehena, RIP taldearen No te muevas diskoa; bigarrena, BAPen Bide huts eta etxe huts–, eta urte berean eman zuen lehenengo kontzertua Eskoria-Tza taldeak. 1988an grabatu zuten sei kantuko diskoa, eta, 1990-1991 urtera arte kontzertu ugari eman ostean, taldearen amaiera iritsi zen.

Josu Errasti (Eskoria-Tza taldeko gitarra-jolea):

Abestien letrez Xabin arduratzen zen eta taldearen ibilbidea motza izan arren, intentsua izan zen. Kontzertu gehienak Gipuzkoan egin genituen; kontzertu gogoangarrienak Plaentxiko eta Bergarako Altos Hornos-eko jaietakoak izan ziren. Kontzertua ematearren kobratu egin genuen, eta lauron artean banatu; ez zen ohikoa hori. Arrasateko bigarren gaztetxean ere egin genuen emanaldia, bertsio pila batekin, baita Monterronen ere. Sekulakoak izan ziren…

Joxe Mari Legorburu (Heriotza taldeko bateria-jolea):

"Punk-hardcore mugimenduan punta-puntako taldea izan zen Eskoria-Tza; musika azkarra egiten zuten, garai hartako taldeekin alderatuta estilo estatubatuarragoarekin. Xabinek beste pentsaera bat zuen, oso argia zen, sortzaile bat, baina, bere gaixotasunak asko oztopatu zuen bere ibilbidea. Sabinen gaixotasunagatik ez balitz, euskal kulturaren erreferente handi batez arituko ginen hizketan".

Iker Barandiaran (Musika aditua):

"Nik Xabinekin oso harreman txikia izan nuen. Gogoan dut 90eko hamarkadan Arrasateko bigarren Gaztetxera (ospitale zaharrera) jotzera ekarri genituela. Orduen izan nuen harreman apur bat berarekin, eta ordurako bere hezurretako gaixotasunarekin makal zebilen zutik egoteko; hala ere, kontzertu hori eta beste asko eman zituen.

Pena handia izan da gaixotasunak bere bizitza horrela baldintzatzea. Eta horren ondorioz desagertu zen seguruenik ere taldea (ezin ziurtasun osoz esan).

Eskoria-Tza taldeari dagokionez nabarmendu nahiko nuke talde aitzindaria izan zela eta euren izaeragatik, sortu zien garaiagatik (80ko hamarkadaren bigarren erdia) eta hain justu, punka nagusi zenen, inork gutxi moduen hardcore-punka lantzen zutelako, nahiko oharkabean gelditu dira.

Maketa edo zuzeneko grabazio batzuetaz gain, Basati Diskak-ek kaleratutako EP bat atera zuten. Bertan dago haien hit!a zan Demokrazia (Soziedad Alkoholika taldeak bertsionatu zuen urteetara Di-Versiones diskoan) eta beste kantu oso esanguratsu batzuk. Bap!ek, adibidez, oraindik hardcore-punka gaztelaniaz egiten zuenean Eskoria-Tzak pausua eman zuen gaztelaniaz gain, euskaraz be abesteko.

Hitz kritikoak, kañeroak, baina suntsitzeaz gain, eraikitzea ere nahi zutenak, hardcorearen esentziarekin datozenak.

Orain dala dozena bat urte DDTk kaleratu zituen Basati Diskak-ek ateratako single-eko kantuak eta beste batzuk LP formatuko lan baten".

'Demokrazia' abestiaren sortzailea

Demokrazia kantuaren sortzaileetako bat izan zen Xabin Zubiete eskoriatzarra. Askok uste dute Soziedad Alkoholika taldearena dela, baina, Eskoria-tza taldeak sortutako kantua da. Gaur egun ere talde askok bertsio-berritzen duten kantua da.

Duela 26 urte ateratako argazkia eta duela gutxikoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak