Leire Caceres: "Ez nekien jantzitegi-talde bateko lana horren handia zenik"

Julen Murua Mesonero 2025ko api. 30a, 13:05

Leire Caceres Fernandez de Jauregi, lantaldeko kideekin.

Joskintzako ikasketak egin eta gero, hainbat pelikulatako eta telesailetako –Goazen!, Desagertuta...– jantzitegi-departamentuetako kide izan da Leire Caceres Fernandez de Jauregi (Eskoriatza, 1999). Edozelan ere, haren ikasketak ez ziren ikus-entzunezkoetara bideratuta egon; ez, behintzat, hasiera batetik.

Itzulpengintzan hasi zinen, baina bosgarren urtean gradua uztea erabaki zenuen.

Oso zaila izan zen. Nire gurasoek hainbeste urtez ordaindutako gradu bat zen, eta balioa ematen nion horri. Erabakia hartu nuen unean, momentu pertsonal eskasean nengoen, eta beldur handiarekin hartu nuen erabaki hura.

Gradua utzi izan ez bazenu ikus-entzunezkoen munduan egongo zinatekeela uste duzu?

Bai; ziur, gainera. Gradua amaitu izan banu, ikus-entzunezkoekin zerikusia duen zerbait ikasten hasiko nintzen: azpitituluak itzultzen, gidoiak itzultzen... Betidanik gustatu zait.

Nolatan murgildu zinen joskintzan?

Nire familian jostunak izan diren erreferenteak izan ditut, eta oso oroitzapen onak ditut. Horrez gain, gogoratzen dut ezkontza baterako top baten beharra nuela eta ez nuela aurkitzen nik nahi nuena. Hortaz, tela-denda batera joan nintzen, behar nuena erosi, eta josten hasi nintzen. Horrela hasi zen guztia.

Zurea ez da askok ezagutuko duten lan bat; zer egiten duzue egunerokoan?

Askok esan didate ez dutela nire lanbidean diharduen inor ezagutzen; kar-kar. Nik neuk ere ez nekien jantzitegi-talde bateko lana horren handia zenik, lanean hasi nintzen arte. Ez da bakarrik pertsonaia nagusien jantziak aukeratzea; izan ere, inguruan dabiltzan pertsonak ez dira kaleko pertsona arruntak. Haien jantziak ere aukeratu egin behar dira, eta lan handia da. Horrez gain, esaterako, ume bat erori eta prakak zulatzen dituenean, guk prestatzen ditugu praka zulatu horiek.

Hainbat generotako lanetan ibili zara; batetik bestera aldatu egiten da egin beharrekoa?

Egin beharrekoa antzekoa izaten da, baina jantzitegia asko aldatzen da. Goazen!-en, adibidez, kolore argiak bilatzen ditugu; Desagertuta telesailean, berriz, arropa arruntagoak.

Urte osoko lana bermatuta edukitzea zaila da?

Bai, baina zailena lanean hastea da. Garrantzitsuena da jendea ezagutzea eta norbere lana ondo egitea. Nire kasuan, proiektu batetik bestera denbora asko igaroz gero, tabernan orduak sartu behar izaten ditut.

Non irudikatzen duzu etorkizuna?

Epe luzera, ikus-entzunezkoetan jarraitzea da asmoa, ez baita batere lan monotonoa, eta hori gustatzen zait niri.

 

MOTZEAN

Pelikula bat? Casa en llamas.

Bizitzeko toki bat? Erroma.

Patata-tortilla, nola? Tipularekin eta gutxi eginda.

Domeka goiz eguzkitsu batean, edateko zer? Txakolina.

Eskoriatzako toki bat? Bidebarrieta-Mazmelako ibilaldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak