Bosgarren aldia du aurten Señora Sariketak, eta antolakuntza taldeak "edizio berezia" egiteko erabakia hartu du. Haren hitzetan, bertso plazara jauzi egiteko bidea "hertsia" izan da orain artean, eta "bide hertsi horrek, historikoki, batez ere, emakumeak eta genero disidenteak baztertu" egin ditu, nahiz eta azken urteotako eskolartekoetan eta gazte sariketetan "bestelako panorama" ageri den, "feminismoak egindako lanaren ondorioz".
Bada, hori aintzat hartuta, plazetan ez dabiltzan bertsolariek hartuko dute parte aurtengo edizioan: "Batetik, bide hegemonikoan hasi baina bertso jarduna utzi duten emakume eta genero disidenteek; eta bestetik, plazan bertso jardun egonkorrik ez duten emakume eta genero disidenteek".
Bi saio eta finala
Bi saiok eta finalak osatuko dute sariketa, eta Eskoriatzako Elizoste Elkartean izango da lehendabizikoa. Iraitz Sarasola eta Maddi Etxeberria, Amaia Elizagoien eta Malen Alzuart, eta Markel Laskurain eta Lierni Rekondo arituko dira bertsotan; gai-jartzaile, berriz, Lierni Altuna aramaioarra. "Bertsolariak binaka arituko dira kantuan aurten. Horren helburua da elkarri lagundu ahal izatea, eta bertsolari autonomoaren ideiarekin haustea, bertsolaritza eta plazaratzeak taldean egiten direlako beti", zehaztu dute antolatzaileek.
Maiatzaren 17an izango da bigarren kanporaketa, Iurretako Montoste elkartean, eta honako bikote hauek arituko dira bertsotan: Irati Tolosa eta Joane Aldalur, Idoia Anzorandia eta Zihara Enbeita, Maddi Gallastegi eta Udane Mugerza, eta Ainhoa Comas eta June Eizagirre. Horrez gain, han izango da Jone Lizarralde ere, gai-jartzaile lanetan.
Bazkaria eta sarrerak
17:00etan hasiko dira bi saioak, eta baita finala ere. Hain zuzen ere, Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean jokatuko da maiatzaren 31n, eta Eskoriatzako eta Iurretako saioetatik bikote banak eskuratuko du sailkatzeko txartela. Are, han izango dira Kristina Mardaras eta Rosi Lazkano ere, "ohorezko señora bikotea". Aizpea Garmendia arduratuko da gaiak jartzeaz.
Saioen aurretik bazkaria izango da hiru kasuetan, 14:00etan hasita, eta 20 euroko prezioa du –finalaren egunekoak, 25 eurokoa–; hala ere, bakoitzak "ahal duena" ordain dezakeela azaldu dute antolatzaileek. Sarrerei dagokienez, bertsosarrerak.eus webgunean daude salgai.