Gaztañadui kalean, Ibarraundi museoaren alboan dago Zubiate labea, eta, gaur egun, Buztinate elkartekoek ikastaroak egiten dituzte bertan.
Zubiate XIX. mendeko labea da, eta Euskal Herrian gordetzen den zeramika labe bakarra – mota horretakoa– da Gipuzkoan. Labearen inguruan eta barruan aurkitutako zeramika zatiak aztertu ostean, ondorioztatu zuten erabilera arrunteko zeramika ekoizten zela bertan: katiluak, platerak… Hori horrela, labea bera ikusteko eta historia ezagutzeko bisita gidatua izango da, Buztinate Buztingintza eta Zeramika Elkarteko kideen eskutik, eta, ondoren, buztingintzara gerturatzeko tailerra izango da bertaratzen direnentzat.
Teoria eta praktika
Bi zati izango ditu bisitak: batetik, Zubiate labearen bisita gidatua Olatz Pagaldayk egingo du, Buztinate elkarteko kideak; bestetik, buztin-tailerra Lorea Uribetxeberria eta Paula Anglada elkartekideek emango dute. "Bisita gidatua ordu erdikoa izango da. Buztina nola lantzen zen, labea nola aurkitu zuten, zer zegoen bertan, ofizioaren nondik norakoak… azalduko ditut nik, eta, bide batez, labe zaharra ikusiko dugu. Ondoren, ordubeteko tailerra egingo dugu. Tornuarekin erakustaldi bat egiteaz batera, hastapeneko saioa egingo dute datozenek", adierazi du Olatz Pagaldayk, Buztinateko kideak.