Non eta noiz jaio zinen?
Marokoko hegoaldean dagoen Tinghir izeneko oasi batean jaio nintzen, lurrezko etxez egindako herrixka batean. Hala ere, ez dakit zehazki ze urtetan jaio nintzen.
Nolatan?
Jaio nintzenean, ez ninduten inon inskribatu. Garai hartan, ez zen harritzekoa inon inskribatuta ez egotea. Orain dauzkadan paperetan jartzen du 1964ko urtarrilaren 1ean jaio nintzela. Jaiotza-data ez dakitenean, beti jartzen dute urtarrilaren 1ekoa zarela. Marokora bazoaz orain, 50 urte baino gehiago dituen jende gehienaren dokumentazioan jartzen du urtarrilaren 1ean jaioa dela. Hala ere, aitak esana dit 1967an jaio nintzela.
Zer egunetan ospatzen duzu urtebetetzea, orduan?
Nahi dudanean! Kar, kar, kar! Nire aitonak esaten zidan martxoan jaio nintzela, nire aitak azaroan... ez ziren ados jartzen. Beraz, noizean behin egiten dut festa bat eta erabakitzen dut hori izango dela nire urtebetetzeko festa. Hemengo jendeak ez du ulertzen, eta zaila da azaltzeko. Batzuetan, asmatu egiten dut nire urtebetetze-data, ez dudalako hori guztiori azaltzeko gogorik.
Bereberra zara, ezta?
Bai. Gu bereberrak gara, amazigak. Nik ez nuen arabieraz hitz egiten, eskolara joan nintzen arte; amazigez hitz egiten nuen. Nire gurasoek ez zekiten arabieraz. Marokoar gehienak amazigak gara, baita Afrikako iparralde osoa eta Egiptoko batzuk ere.
Hala ere, urte askoan arabiera izan da hizkuntza ofiziala Marokon.
Bai. Marokoko Gobernuak arabiartu egin nahi izan zuen Maroko. Uste zuten erlijio eta hizkuntza bakar bat izan behar zuela herrialde osoak, eta islama ezarri nahi izan zuten. Baina, ordurako, mende asko zeramaten bertan amazigek. Amazigok gure kultura propioa daukagu, baita gure hizkuntza eta idazkera propioa ere. Gaur egun, jada ofiziala da amazig hizkuntza, Marokoko eskoletan ikasten da. Asko borrokatu gara ofiziala izan dadin. Gainera, islamera bihurtu arren, amazigek ez dituzte euren erroak utzi.
Eskolara bertan joaten zinen?
Eskolara joan nintzen lehen aldiz 7 urte nituenean. Bost kilometrora zegoen, eta oinez joan behar izaten genuen. Gero, eskolatik institutura joan nintzen, hamar kilometrora zegoen herri batera. Astelehenetik ostiralera han egoten nintzen, eta gela batean egiten nuen lo, beste bost lagunekin.
Bukatu zenuenean zer egin zenuen?
Batxilergoa egin nuen gero, baina bigarren urtean aita hil zitzaidan. Nire aita Frantzian bizi zen orduan. Lehenengo, Rabatera joan zen lanera, eta gero, Frantziara. Urtean bi edo hiru aldiz etortzen zen, gu bisitatzera. Bost anai-arreba ginen, eta ama. Urte hartan, Frantziatik bueltatu zen bisitan, baina esan zigun jada ez zela gehiago bueltatuko hara. Hori esan eta bi astera, gaixotu eta hil egin zen.
Ostalaritza ikasi zenuen gero.
Bai. Ostalaritza ikastera joan nintzen, nire herritik urrun zegoen hiri batera. Hoteletan asko irabazten zen, eta asteburuetan lan egiten nuen hotel batean, ikasi bitartean. Sukaldaritza, harreragile eta zerbitzari ikasketak egin nituen.
Noiz etorri zinen Europara?
Ostalaritza ikasketen bigarren urtean, praktikak egitera joan nintzen Alemaniara, jatetxe batera. Berez, bi hilabeterako ziren praktikak, baina beste lagun batekin erabaki nuen Marokora bueltatu beharrean Frantzian geratzea, eta bizitza han egitea. Nire anaia nagusia jada han zegoen. Baina Suitzatik Frantziara bidean gindoazela, mugan, poliziak harrapatu egin gintuen trenean, eta Frantzian sartzea debekatu ziguten. Beraz, Marokora bueltatu behar izan nuen.
Zer egin zenuen gero?
Ikasketak bukatu, eta Agadhirrera joan nintzen lanera, kostako hiri turistiko batera. Han egin nituen hamar urte, bertako hotel handi batean lanean. Ondo bizi nintzen, eta jada ez neukan Europara etortzeko asmorik. Baina turismoa jaisten hasi zen, eta, beraz, baita lana ere. Neska aleman bat ezagutu nuen orduan, eta harekin joan nintzen Alemaniara, azkenean.
Ez zinen Alemanian geratu, ordea.
Ez. Azkenean, joan egin nintzen, Frantziara. Gero, handik Portugalera egin nuen, garai batean erraza zelako han paperak egitea. Hala ere, ez nituen paperak lortu, baina bertan geratu nintzen denbora batez. Gero, Kataluniara etortzea erabaki nuen, nire anaia bat bertan bizi zelako. Bertan erregularizatu ahal izan nuen, eta Marokora bueltatu ahal izan nintzen, nire ama bisitatzera. Kataluniara bueltatu nintzenean Arrasaten bizi zen lagun bat bisitatzera etorri nintzen, 2007an. Etorri nintzenean, ikusi nituen hemengo mendiak, jendea, jaiak, janaria... eta txundituta geratu nintzen. Kataluniara joan nintzen nire gauzen bila, eta hona bueltatu nintzen gero. Hemen bizi naiz orduz geroztik.
Nola egokitu zara hona?
Herrialde askotan izan naiz, eta ez daukat leku bakoitzera egokitzeko arazorik; izan ere, azken batean, guztiok berdinak gara. Gizakiok berdinak gara, edozein lekutakoak izan arren.
Zenbat hizkuntza hitz egiten dituzu?
Amaziga, arabiera, frantsesa, ingelesa, alemana eta gaztelera. Portuges pixka bat ulertzen dut, baita euskara pixka bat ere.
Euskaraz nola moldatzen zara?
Hona etorri nintzenean, euskaltegian hasi nintzen. Kontua da ez dudala praktikatzen, eta dezente ahaztu zait. Euskaldunak jende ona dira. Herbeheretarrek eta Alemanek, adibidez, ez badiezu euren hizkuntzan hitz egiten, ez dizute erantzuten. Bereberren kasuan ere, arabieraz hitz egiten dutenei arabieraz egiten diegu, baina haiek ez dute amazigeraz hitz egiteko ahaleginik egiten. Eta kultura bat ez da bestea baino gehiago.
Garrantzitsua da kultura-aniztasuna mantentzea?
Bai. Esaterako, euskal kultura ere zaindu beharreko kultura bat da, ez da galtzen utzi behar. Hizkuntza asko hil dira munduan zehar, eta dauzkagunak zaindu egin behar ditugu. Aniztasunak ematen dio munduari aberastasuna. Denok kultura bera izatea ez litzateke ona izango, edo denok ingelesez soilik hitz egitea. Euskaldunek, ikusten badute kanpotarra zarela, gaztelaniaz hitz egiten dizute, eta batzuetan elkarren artean ere gaztelaniaz hitz egiten dute ni aurrean banago. Baina nik nahiago dut euren artean euskaraz hitz egitea, eta ni saiatuko naiz ulertzen. Nirekin hitz egin behar badute eta ez badut ulertzen, orduan egin gazteleraz. Euskaldunen herrialdean bagaude, zergatik hitz egiten didate gazteleraz?
Zer asmo daukazu etorkizunerako?
Gustura nago hemen. Urte asko daramat hemen jada, eta nire parte dela sentitzen dut. Marokotik aspaldi alde egin nuen, baina nirekin daramat. Eta Euskal Herriarekin ere berdina gertatzen zait. Beste leku batera joan behar badut lanarengatik edo beste edozergatik, hona bueltatu nahiko nuke. Hemen geratu nahi dut. Leku askotan egon naiz, eta gogorra da: etorkina zarela sentitzen duzu, bihotzak min egiten du kanpotar sentitzen zarenean, eta ezer ez daukazunean, ez etxerik, ez lagunik, bakarrik zaude... Oso gogorra da. Bakardadea eta pobrezia da migratzaile izatearen gauzarik gogorrena. Hemen jada mundu guztiak ezagutzen nau, badaki nor naizen, agurtu egiten nau. Eta hori gauza handia da.