Atzo, Eguen Gizena, hasi zituzten Eskoriatzako Aratusteak, Urdelardero Eguena ospatuta. Herriko ikastetxeetako gaztetxoek ziria eskuan zutela kalera irten ziren Urdelardero abestera, eta trukean gozokiak jaso zituzten. Txistor-jana izan zuten Fernando Eskoriatza plazan eta musikaz girotu zuen arratsaldea DJ Mikeltxik. Gaur, egubakoitza, berriz, Aratuste-kontzertua izango da, Beheko Errota Musika Eskolakoen bandakoen eskutik, Zaldibar antzokian. Jesus Urrutia zuzendariak gidatuta, 20:00etan izango da Munduan zehar izenpean emango duten kontzertua.
Mozorro-desfile lehiaketa
Zapatuan izango da egun handia Eskoriatzan, eta herriko kaleak musikaz girotuz emango diote hasiera egunari Ad Libitum txarangako kideek. Ondoren, Eskoriatzan Aratuste-zapatuko mozorro-desfilea lehiaketa egingo da, eta parte hartzeko zenbait oinarri bete beharko dira –udal webgunean ikusgai–; izena emateko, berriz, Luis Ezeizako patioan egon beharko da 12:50ean.
Egitaraua
• 12:30 Ad Libitum txarangaren saioa.
• 13:00 Mozorro lehiaketaren desfilea: Luis Ezeiza-Fernando Eskoriatza plaza-Santa Marina.
• 15:00 Herri bazkaria, kiroldegian.
• 15:30 Puzgarriak, Partxis plazan.
• 16:00 Ad Libitum txaranga, kiroldegian.
• 18:15 Mozorro lehiaketaren sari banaketa.
• 18:30-21:30 Sukar taldearen dantzaldia.
Desfilean parte hartuko dutenek Luis Ezeizako patioan hasi, Fernando Eskoriatza plazatik pasa eta Santa Marina plazan bukatuko dute ibilbidea. Tarte horretan, Fernando Eskoriatza plazan izango dute aukera 3-4 minutuko dantza saioa edo bestelako ikuskizuna emateko. Epaimahaia desfilea bukatutakoan elkartuko da erabakia hartzeko, eta 18:15ean Fernando Eskoriatza plazan jakinaraziko da irabazleak nortzuk diren, eta sariak ere orduan banatuko dituzte. Azken horri dagokionez, 1.100 euro banatuko ditu Eskoriatzako Udalak: 16 urtetik gorakoen sailekoen artean 840 euro eta 16 urtetik beherakoen sailekoen artean 260 euro.
Parte-hartzea, inoizko handiena
Herri-bazkaria Manuel Muñoz kiroldegian egingo da, eta, guztira, 525 lagun batuko direla adierazi du Eskoriatzako Udalak; inoizko parte-hartze handiena izango duen bazkaria izango da. Gainera, bazkalostea Ad Libitum txarangak girotuko du, eta pilates gela egokitu egingo dute, koltxonetak eta margoak jarrita, 6 urte arteko ume txikiekin egon ahal izateko. Kanpoan, berriz, Partxis plazan, zezen mekanikoa, koltxonetak eta Santa Fe trena egongo dira 15:30etik 19:30era bitartean –euria bada, Joseba Iñurrategi pilotalekuan jarriko dituzte–.
Autobus zerbitzuan aldaketak
Zapatuan 13:00etan mozorro-desfilea egingo denez, Luis Ezeizako patiotik Santa Marina plazara artean 13:00etatik 13:30era bitartean autobusak ez dira geratuko Gorosarri plazako geltokian, ezta Akeita albokoan ere. Bitarte horretan, Arrasaterako noranzkoan nahiz Gasteizerako noranzkoan Aranburuzabalako eta Intxaurtxuetako geltokietan bakarrik geratuko dira autobusak.