Manttalingo alaba izen bereko poema liburuan oinarrituta Saturrarango kartzelan giltzapean izan ziren emakumeak oroitzeko eta bertan gertatutakoa aldarrikatzeko emanaldia da. Poema-liburuak Arabako Foru Aldundiak sustaturiko Ernestina Chanpourcin 2023 saria irabazi du, eta lanaren sortzaileek kantu bihurtu dituzte Manttalingo alaba liburuko poemak, musikaz eta ahotsez jantzita. Horiek dira Mikel Etxaburu (idazlea), Nerea Zuloaga (ahotsa), Jon Gardoki (akordeoia) eta Irina Alvarez (biolina).
Saturrarango kartzela oinarri
Saturraran Mutrikun egon arren, Ondarroatik gertuago dago. Oinez paseoan aritzen da jende asko, leku lasaia da, baina badu atzean istorio luzea. "Orain, autokarabanak joaten dira bertara asteburu-pasa, hondartzara… eta askotan uste izan dut zein ondo eta gustura dauden toki hartan; lehen, aldiz, bazegoen kartzela bat. 1948. urtean zabaldu zuten, aurretik bainuetxe bat izan zen, eta gaur egun ludikotasunerako baliatzen dugun espazioa garai batean errepresiorako baliatzen zen", dio Mikel Etxaburuk.
Memoria lehen planoan
Manttalingo alaba Saturrarango kartzelako emakumeak erdigunean dituen poema-liburu bat da, eta lan horretatik eratutako ikuskizunak badu helburu bat. "Saturraranen gatibu 4.000tik gora emakume izan ziren: Itsasoak denen izenak dakizki. Banaka-banaka oroitzen ditu han hil ziren 166 andre, haur eta gazte. Oroitzen ditu errudun sentitzen delako, ez zelako oldartu arroken kontra, eta, horren ordez, hildako haurren izenak ezabatu zituelako, olatuz olatu eta malkoz malko. Manttalingo alaba poema-liburua oinarri hartuta, haien izenak ikasiko ditugu. Oroitzen dugun hori garelako, eta oroitzen ez dena ez baita inoiz gerta; ez bizi, ez hil".
Hainbat diziplina batuta
Hainbat diziplina batzen dituen ikuskizunarekin iaz hasi ziren, eta domekan Zaldibar antzokira joango direnek errealitatean oinarritutako istorio bat fikzionatuta ikusiko dute, ordubeteko saioan