Irakurketa eta ikasketa gela berria bibliotekan

Imanol Beloki Unamuno 2025ko urt. 31a, 09:13

Eskoriatzako bibliotekan isiltasunean ikasteko eta irakurtzeko egin duten eremu berria.

Isiltasunean irakurri edo ikasteko espazio berria ireki dute Eskoriatzako bibliotekan, hainbat fasetan egindako obren ostean. Lanak egitera, lasaitasunez irakurtzera edo ikastera joan nahi duten herritarrentzat atondu dute gunea, euren eskaerei erantzunez.

Eskoriatzako udal bibliotekako helduen esparrua, irakurtzeko eta ikasteko erabiltzen dena, kristalezko pareta batekin ixteko lanak egin dituzte. Azaroan hasi zituzten eremua ixteko lanak, erabiltzaileek espazio erosoagoa eta aproposagoa izan dezaten; lanak joan den astelehenean amaituta, erabilgarri dago gune berria.

Hainbat fasetan egin dira bibliotekako lanak. Lehenengo fasean, liburutegiko espazio berria bereizteko, kristalari eusteko pladurra jarri zuten. Lehenengo faseko lan horiek iaz, azaroan, egin zituzten, eta hiru egunez itxi zuten biblioteka, obrak burutzeko. Gabon aurretik lan horiek eginda, joan den astelehenean, urtarrilaren 20an kristala eta atea jarrita, espazio berria erabilgarri dago. "Aurreikusten genuen urtea amaitu aurretik, abenduan, amaitzea lan guztiak, baina joan den astean amaitu zuten kristala jartzen. Lehen zegoen gela ixtea erabaki da, eta ikasketarako eta irakurketarako isiltasunean lan egiteko eremua bihurtu, eta dagoeneko hasi dira herritarrak erabiltzen", adierazi du Olaia Benitok, Eskoriatzako udal langileak.

Udal bibliotekako gune berria egiteko 8.300 euro bideratu ditu Eskoriatzako Udalak

Haurtxotekan ere aldaketak

Herritarren eskaera batetik sortutako lana izan dela gaineratu du Eskoriatzako Udalak, eta egin beharrekoak egiteko 8.300 euro bideratu dituztela azaldu du Xabi Uriartek, Eskoriatzako EH Bilduko bozeramaileak. Gaineratu duenez, egindako lanen emaitzarekin pozik daude, eta isiltasunean lan egin nahi dutenen espazioa bermatzen dela azpimarratu.

Haurtxotekan ere aldaketak

Egindako lanekin batera, irakurzaletasuna sustatzeko zenbait ekintza ere martxan daude Eskoriatzako bibliotekan; irakurketa klubak eta literatura solasaldiak, esaterako. Eta horiekin jarraitzeko asmoa izateaz batera, gaztetxoenak irakurzaletasunera bultzatzeko saiakerak ere egin nahi dituzte. Hain zuzen ere, haurtxotekako gunean eragin nahi dute, eta hasi dira horretan ere. "Haurtxotekako eremua aldatzen ari gara, txukuntzen… Puf batzuk jarri ditugu… Asmoa da haurtxoteka eremu erosoagoa izatea", adierazi du Benitok.

Zalantzak argitzeko bidea

Udal bibliotekako arduradunek adierazi dutenez, edozein zalantza edo kontsulta egin nahi duenak 674 11 19 55 whatsapp-zenbakia erabilgarri dauka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak