Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak aste honetan amaituko du Eskoriatzako campuseko eraikin historikoan egin duen birmoldaketa, eta herritarrei irekitako ekitaldi bat eskainiko du abenduaren 19an, eguena, 18:00etan. Lanok eraikina apurka-apurka berritzeko plan baten barruan sartzen dira, eta instalazioak modernizatzea du helburu, bai eta, aldi berean, ondare historiko gisa katalogatutako eraikin horren kontserbazioa bermatzea ere.
XVII. mendean eraiki zen eraikinak hainbat erabilera izan ditu historian zehar, unibertsitateko campus bihurtu arte: ospitalea izan zen, baita komentua eta biatoristen ikastetxea ere. Berritzeak arkitektura- eta ondare-balioa errespetatuz egin dira.
Egindako lanak
Lehen fasean, gune administratiboak berrantolatu zituzten, eta harrera, idazkaritza akademikoa, dekanotza eta komunak ere bai. Egungo fasean, eraikinaren ebakuazioa, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea izan da jarduketen ardatza. Egin diren esku-hartze nagusien artean, hauek nabarmentzen dira: larrialdietan eraikina husteko eskailera berria jartzea, klaustroaren zorua berdintzea irisgarritasuna hobetzeko eta LANKI – Kooperatibismoaren Ikertegiaren egoitza (eraikin berean dagoena) birmoldatzea.
'Manttalingo alaba' ikuskizuna, eguenean
Herritarrek eraikina ezagutu dezaten, egindako berritze-lanak inauguratzeko Manttalingo Alaba ikuskizuna eskainiko du Fakultateak. Ordubeteko iraupena izango du eta Fakultateko irakasle eta idazle Mikel Etxabururen poema-liburuan dago oinarrituta. 2023ko Ernestina de Champourcin saria jaso zuen Mikel Etxabururen poema-liburuak, eta frankismo-garaian Saturraraneko kartzelan preso egon ziren emakumeak gogora ekartzen eta omentzen dituzten poesia, musika eta abestiak uztartzen ditu.