Tokiko hezkuntza komunitateak saretzeko gakoak izan dituzte aztergai Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, eta sustatzaileek adierazi dutenez, "gogoeta egiteko" balio izan du jardunaldiak: "Eta, aldi berean, tokiko hezkuntza-sareak sortzen lan egiten duten pertsonekin ideiak trukatzeko, hala nola ikastetxeetako zuzendariekin, irakasleekin, familiekin, udalekin eta abar".
Hain zuzen ere, gaur goizean, hilaren 28an, egin dituzte jardunaldiak, eta Nagore Ipiñak, Huheziko dekanoak, eman die hasiera: tokiko hezkuntza-komunitateei buruz hausnartzearen "garrantzia" azpimarratu du, "lankidetzak ahalmen biderkatzailea" duelakoan. Olaia Jimenezek hartu du ondoren hitza, irakasle eta ikertzaileak, eta hezkuntza komunitateak saretzearen garrantziaz jardun du, zazpi gako nagusi zerrendatuta: komunitate konpromisoa, komunitate-konfiantza, kooperazioa, konfiantza soziala, lidergo eraldatzailea, parte-hartzea komunitarioa eta helburuen arteko interdependentzia.
Esperientzia-trukea
Tokiko hezkuntza komunitateak saretzeko estrategiak eta prozesuak: esperientzia trukea izenpean, mahai inguru bat ere egin dute: Josu Curielek, Errenteriako Bizarain BHIko zuzendariak; Jasone Giraldok, Arrasateko Udaleko zinegotziak; Eneko Lasak, Ordiziako Urdanetarrak Guraso Elkarteko kideak; eta Maite Azpiazuk, Oinherriko kideak eta herri hezitzaile prozesuen bideratzaileak, hartu dute parte. Hizlari horiek, bakoitzak beretik, hizpide izan dituzte, besteak beste, hezkuntzak bere esparrutik harago dituen erronkak, erronka horiei "herritik" aurre egin beharra eta hezkuntza komunitateak sortzeko prozesua "eskuzabaltasun ariketa bat" izaten dela.