Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an ospatu izan da, baina aurten martitzena izango denez, ospakizun eguna aurreratu eta azaroaren 30erako egitaraua prestatu du Eskoriatzako Udalak.
Hankamotx bertso-eskolako gaztetxoek emango diote hasiera egunari, 13:00etan egingo duten saioarekin. Aritz Irigoien irakaslearekin batera prestatu duten bertso sorta eskainiko dute, Fernando Eskoriatza plazako karpan. Segidan, Euskararen Eguneko ekitaldi baten baino gehiagotan Eskoriatzan ikuskizuna ematen izan diren Tio Teronen Semeak taldeko dantzariek hartuko dute protagonismoa. Hain zuzen ere, Haurreskolari izeneko ikuskizuna eskainiko dute. Bertan, ikasitakoa desikasten saiatuko dira, ikusleen eskutik, ikasketa prozesu berri bat umorez eraikitzeko asmoz.
Txartelak, egun bakarrean
Goizeko ekitaldiak amaitutakoan, 15:00etan, karpan egingo da kantu bazkaria, eta Udalak jakinarazi du astelehenean soilik jarriko dituztela salgai txartelak, Manuel Muñoz kiroldegian eta Inkernu tabernan. 15 urtera artekoentzat hamalau eurotan egongo dira salgai eta 16 urtetik gorakoentzat, hamasei eurotan.
Kantu bazkaria izango da, eta, horrenbestez, bazkalostea musikaz girotuko dute Leire eta Dorleta musikari eskoriatzarrek. Kantuaz gain, dantzara animatuko dituzte bazkaltzera joandako herritarrak. Hauxe izango da menua: patatak errioxar erara, oilasko-izterra saltsan eta pastela, ogia eta edaria barne.
Musika kontzertuak
Bazkalosteko musika saioari segida emanez, 20:00etan, Oñatiko Hamarratz erromeria taldearen kontzertua izango da, eta, 22:00etan, berriz, Gasteizko Pineapple Sweets DJek punk, oi! eta new wave musika estiloz betetako kantuekin girotuko dute Inkernu taberna, horrela amaiera emanez egunari.