AP-1 autobidea ostegun gauez itxiko dute Eskoriatza eta Luku artean, simulakro bat egiteko

Imanol Beloki Unamuno 2024ko aza. 13a, 11:55

Isuskitzako tunelaren sarrera. Argazkia: Googlemaps

Bidegik eta Arabatek elkarrekin simulazio bat egingo dute, azaroaren 14ko goizaldean, Isuskitzako tunelean (Eskoriatza), Gipuzkoa eta Araba lotzen diren puntuan. Hala, AP-1 autobidea itxita egongo da bi noranzkoetan, Eskoriatzako lotunearen (Gipuzkoako 123,500 kilometro puntua) eta Lukuko lotunearen (Arabako 107,000 kilometro puntua) artean, 22:30etik 03:00etara.

Mozketa 22:30ean hasiko da Gasteizerako noranzkoan eta 23:00etan Eibarrerako noranzkoan.

Bide alternatiboak

  • Gasteizerako noranzkoko zirkulazioa (Eibartik datorrena): ibilgailuek Eskoriatzako 123 irteera hartu beharko dute, eta GI-627 eta A-627 errepideetatik jarraitu.
  • Eibarrerako noranzkoko zirkulazioa: N-240 eta A-627 errepideak erabiltzea gomendatzen da Eskoriatzarako norabidean.

Simulazioaren helburua

Honen bidez, tuneleko larrialdi ekipoen erantzuteko gaitasuna ebaluatu eta indartu nahi da, hau da, larrialdi egoeretan haien azkartasuna eta koordinazioa neurtu eta ezarritako protokoloak behar bezala aplikatzen direla ziurtatu nahi da. Arabako eta Gipuzkoako suhiltzaileek, Ertzaintzak, SOS Deiak-ek eta osasun zerbitzuek simulakroan parte hartuko dute.

Entseguari esker, Bidegik kudeatzen duen tunelaren arduradunen eta Arabat emakidadunaren arteko koordinazioa ere hobetu ahal izango dute.

Isuskitzako tunelaren ezaugarriak

2009an inauguratu zen eta Euskadiko luzeena da, 3.415 metro baititu. Noranzko bakoitzean bi errei dituzten bi hodi paralelo ditu, batez beste 17.712 ibilgailuko zirkulazioa jasaten du eguneko, eta ibilgailu astunak % 22 dira (2023ko datuak). Tunelak larrialdietako 11 galeria ditu (haietako 3 ibilgailuak igarotzeko prestatuta daude), bai eta beste hauek ere: bazterbideak, argiztapen sistemak, aireztapen aurreratua airearen kalitatearen eta opakutasunaren sentsoreekin, suteak itzaltzeko sistemak, barneko eta kanpoko seinaleztapena, bideozaintzako kamerak, megafonia, SOS zutoinak eta irrati komunikazioko sistema. AP-1 eta AP-636 autobideak Bergaran aurkitzen den Ondartzako kontrol-zentrotik ikuskatzen dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak