Oihalen artean 'hegan' egiteko lekua dago

Imanol Beloki Unamuno 2024ko urr. 31a, 10:11

Haurren taldea oihal akrobazia ikastaroan, asteon.

Joseba Iñurrategi pilotalekuko gimnasioan ematen dituzte oihal akrobazia ikastaroak, eta, haurren taldeak beteta dauden arren, helduentzako saioetan lekua dagoela azpimarratu du Agurtzane Telleria irakasleak, eta interesa dutenei ateak ireki dizkie.

2017an hasi zituzten erritmoa, indarra eta oreka era bateratuan landu behar diren oihal akrobazia ikastaroak egiten Eskoriatzan, eta ordutik hona beti osatu dituzte taldeak; haurrentzat zuzendutakoak eta baita helduenak ere. Hala, ikasturtea hasi berri, probatu nahi duenak aukera izango du bertatik bertara oihal akrobazia ezagutzeko.

Zazpi urteko ibilbidea

Gogoan ditu Agurtzane Telleriak, Eskoriatzako oihal akrobazien irakasleak, hasierako garai haiek, eta ordutik hona eskaintza hobetzen joan direla azaldu du: "Rosa Lasagabaster Manuel Muñoz kiroldegiko kirol teknikaria zen, eta hari azaldu nizkion beharrezko baldintzak, eta bideari ekin genion. Hasieran umeekin hasi ginen, eta bi hilabetera nagusien beste bi talde sortu ziren; Huheziko Mondragon Unibertsitatetik ere eskatu ziguten ikastaroak egiteko euren ikasleentzako kredituak emateko…".

Harremanak sendotzeko

Oihal akrobazien saioetan yoga jarrerekin hasten dute beroketa, eta ondoren hasten dira ariketekin. Gorputza ezagutzea dela lehenengo urratsa dio Agurtzane Telleriak; indarra neurtzen ikastea eta norberaren indarra oihal gainean egoki erabiltzea. "Teknika ikastea garrantzitsua da, baina politena taldean sortzen den giroa da; izan ere, ikasleen artean sortzen den laguntasun konplizitatea sekulakoa da. Oihal akrobazia kirol oso zaila da eta arriskua ere bada zenbait ekintzatan; beraz, horregatik alboan duzun laguntzailearekin ariketa burutzea lortzen duzunean, poztasun hori elkarbanatzea zoragarria da; emozio horrek asko lotzen du, eta hori da helburua".

Helduen taldeko zenbait kide oihal akrobazia ikastaroan.

Izena emateko aukera

Ikasturteari ekin diote dagoeneko, eta ezohiko diziplina den oihal akrobazia herritarrengana gerturatu nahi izan du Telleriak: "Haurren saioen taldeak beteta daude. Helduentzat zuzendutakoan, berriz, bada lekua, eta, beraz, interesdunek izena eman dezakete edo probatzera etorri. Horretarako, deitu 609 55 62 10 telefono-zenbakira edo whatsapp-a bidali.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak