Iñaki Agiriano (Eskoriatza, 1961) Eskoriatzako bibliotekaria izan da 40 urtez, eta, liburutegiko ardura izateaz gain, irakurzaletasuna sustatzeko zenbait ekintzatan aritu izan da: Literatura Juntaixe, Irakurketa Klubak, Literatura Solasaldiak eta beste hainbat. Liburuak irakurtzeari utzi gabe, erretiroa hartu berri du; liburuzain gisa izan dituen eginbeharrez eta bibliotekaren bilakaeraz jardun du eskoriatzarrak.
Erretiroa hartuta, baina irakurketa utzi gabe, seguruenez; zer ari zara irakurtzen orain?
Hiru liburu ari naiz irakurtzen aldi berean. Nomadas liburuarekin ari naiz, Babilonia irakurri berri dut… Nobelak eta saiakerak ditut gustuko, eta idazle asko. Atxagaren Xola bildumak, esaterako, sekulako maila literarioa du; Juan Kruz Igerabideren poesia apartekoa iruditzen zait; oraintsu, Karmele Jaioren azken nobelak ere oso gustura irakurri ditut… Irakurle, berriz, Robert Louis Stevenson-ek egin ninduen, Altxor uhartea eta Botilako deabrua liburuekin. Ipuin haiek izugarri gustatu zitzaizkidan gari hartan, eta norbera irakurle sentimenduen bitartez egiten da; barruan zerbaitek ukitzen bazaitu, horrekin geratzen zara.
Eskoriatzako bibliotekan nola hasi zinen?
Luis Ezeizan nenbilela, 13-14 urte nituela, Don Andres Fernandez irakasle eta zuzendari zela ireki zen Jose Arana eskoletan zegoen biblioteka, eta gu zortzigarren mailan geunden. Ikasle batzuk joan ginen liburuen fitxak egiteko, eta hortik hamar urtera hasi nintzen lanean. Filosofiako lizentziatura bukatu berri, 1984an soldaduska astebetez egin nuen. Euskaldunok, katalanek eta Asturiaseko gehienek zerbait genuen; mediku ezagun baten bitartez libratu egin nintzen. 1985ean, Mari Carmen Otxo-aizpuruak, irakasle zenak eta Jose Arana eskoletan bibliotekaren ardura ere bazuenak, utzi egin behar zuen, eta bertan lanean hasteko aukera irten zitzaidan, egunean hiru ordu inguru egiteko.
"Informazio gehiago trafikatzen da orain, onerako eta txarrerako"
Ordutik hona, hiru kokapen izan ditu bibliotekak, eta zu hiruretan.
1985eko azaroaren 1ean hasi nintzen herriko lehenbiziko bibliotekan, Fernando Eskoriatza plazako Jose Arana eskoletan. Gero, 1987an, gaur egun kultura etxea dagoen eraikinera lekualdatu zuten, eta, ondoren, ikastolako eraikina Ganuza etxera eraman zuten, Edorta Zubizarreta alkate gisa Udalera sartu berri zela, eta 2022ko otsailean inauguratu zuten gaur egun ezagutzen dugun liburutegia.
Zein da liburuzain baten eginbehar nagusia?
"Liburutegia komunitatea ereiteko lorategia da", esaten zuen Gonzalo Oyarzun bibliotekari txiletarrak, eta metafora gisa asko gustatzen zait. Bibliotekari batek argi izan behar du zein komunitatetan bizi den eta komunitate horren beharrak zeintzuk diren. Hasieran, lau liburu zahar zeuden Eskoriatzako liburutegian; kultura etxeko eraikinera joan ginenean liburu ugari iritsi ziren, eta nire ardura nagusia fondo bat sortzea zen, gero ondare kultural hori herritarren eskura jartzeko. Biblioteka ondasun kulturala gordetzeko, mantentzeko eta zabaltzeko espazioa den unetik, aldatzen joan dira haren eginbeharrak.
Digitalizazioa iritsi zenean aldaketa izugarria izango zen.
Itzela izan zen. Lanean hasi nintzenean egurrezko bi kaxa genituen: batean erabiltzaileen fitxak zeuden eta bestean hartutako liburuen fitxak gordetzen genituen. Liburutegi berrian idazteko makina lortu genuen, baina iraultza nagusia digitalizazioarekin iritsi zen. Ordenagailu pila bat jarri ziren, eta beti zeuden hartuta, horren beharra zegoelako. Lan egiteko modua ere aldatu da; informazio gehiago trafikatzen da, onerako eta txarrerako, eta horrek guztiorrek ekarri du alde iluna ere. Telefono mugikorrarekin irakurketa aldatu egin da; 50 urtetik gorako erabiltzaileak dira, batez ere, liburuak hartzen dituztenak irakurtzeko. Haurrek eta gazteek, bestalde, umetatik mugikorra izan duenak ezberdin irakurri du. Irakurketa mota ezberdin horrek eragina izan behar du etorkizunean. Izan ere, bideo bat ikustea bada irakurketa modu bat, baina ohiko irakurketa eta testu bat lantzeko garaian gabeziak agertuko dira; kalitatean jaitsi egin da, salbuespenak salbuespen.
"Gizarteak eskatzen duenaren arabera, zerbitzu berriak eskaini behar ditugu"
Irakurketan aldaketak izan arren, onurak ere ekarri zituen digitalizazioak, ala?
Garapen handia izan zen. Euskadiko biblioteka guztiak sare batean daude, eta sare horrek ahalbidetzen digu edozein liburu edozein lekutatik ekartzea. Zerbitzua asko hobetu da, eta hori geratzeko etorri da. Hurrengo erronka adimen artifiziala izango da.
Etorkizuna nola ikusten duzu?
Beste etapa berri batean sartu behar dugula uste dut. Orain, mugikorretan informazioa eskura izanda, herritarrak ez datoz hainbeste informazio bila. Uste dut komunitatearen beharrak jarraituz elkartzeko guneak sortu behar direla. Bibliotekan jendea elkartzeko, tailerrak egiteko, zitak, te baten inguruan… Orain artekoa moldatu beharra dago, eta bibliotekariak zubi-lanak egin behar ditu. Esku onetan utzi dut liburutegia: Oskar Loiti bertan geratuko da eta aurki beste langile bat hasiko da. Ea elkargune horiek sortzen ditugun eta biblioteka bizia dugun.