Beldurrei aurre egiteko ekintza-sorta Eskoriatzako Gaba Baltzean

Imanol Beloki Unamuno 2024ko urr. 23a, 17:19

Iaz, zezen-suzkoa Jose Arana kalean, plaza aurrean.

Kalabazak hustu, kandelak piztu, ohitura zaharrak berreskuratu eta berriak sortuz, Gaba Baltza ospatuko dute Eskoriatzan, urriaren 31an.

Beldurrak uxatu eta iluntasunaz gozatzeko garaia izanda, erritu zaharrak berpizteaz batera, berriak sortzen ari dira Eskoriatzan, eta, horren adierazle da,  besteak beste, beldur-harrapakariak haurren eta helduen beldurrak batzen izango direla datorren eguenean, urriaren 31n. Honakoa  da egunotarako egitaraua:

Egitaraua:

Urriak 25, ostirala
Gaba Baltzeko arropa prestaketa ludotekan. (Aurrez izena eman bertan).

Urriak 28 eta 29 astelehen eta asteartea

Sukaldaritza: gaileta beldurgarriak ludotekan. (Aurrez izena eman bertan)

Urriak 30, asteazkena

Eskulanak: Gaba Baltzerako apaingarriak ludotekan. (Aurrez izena eman bertan)

Urriak 31, eguena: Gaba Baltza

Goizean zehar herriko ikastetxeetako haurrek Fernando Eskoriatza plaza apainduko dute azken asteetan egin dituzten apaingarriekin. (Eguraldi txarra bada frontoian egingo dira ekintza guztiak).

17:30 Ginkana-eskea. 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzako ekintza. Herrian zehar egindako ibilbidea, istorio bati jarraiki eta hainbat froga gaindituta bete beharko dute. Gainditzen den froga bakoitzeko gozokiak eskuratuko dituzte.

17:30 Gaztain erreak eta makillaje txokoa. (Fernando Eskoriatza plazan). Herriko jubilatuek gaztaina erreak banatuko dituzte 1€ bateko borondatearen truke. Batutako dirua Caritas elkarteari emango zaio. Plazan makillaje postu bat egongo da (mozorrotu edo ez) aurpegia eraldatzeko. Haur, gazte zein helduek aukera izango dute itxura berri bat izateko. Beldurrak marraztu eta idazteko txokoa. Herritar guztiek (haurrek zein helduek) aukera izango dute haien beldurrak idatzi edo marrazteko. Beldur-harrapakariak etorriko dira beldurrak sutan erretzera eta herritar bakoitzak berea prest edukitzeko aukera izango du plazan.

Iaz, mozorrotutako herritar bat.

18:00 Eskea. (Huhezitik plazara). 3 eta 7 urte bitarteko haurren familiei zuzendutako ekintza. Ibilbidean dauden dendetan, gozokiak eskatuko dira. Ea hauek izango dira eskean erabiliko diren esaldiak: Xanguli manduli kikirrikii, eman goxokiak guri!; ziria ala saria!

19:00 Ekitaldia plazan. Arratsaldean zehar, plazan, norbere beldurrak idazteko edo marrazteko paperak eta boligrafoak hartu ahal izango dira. Behin beldurrak eskuetan izanik, koplak abestuko dituzte (bertso eskolako haurrek) beldur-harrapakariei deitzeko. Hortik aurrera jai giroa hasiko da: dantza, su, eta bestelakoak. Garaian garaikoa den gaztaina erreak egongo dira plazan euro baten truke. Bildutako dirua Caritas elkartearentzat izango da. Gorosarri dantza taldekoen dantzak ere izango dira, iaz moduan. Soka dantzan 50 lagunek dantza egingo dutela aurreikusten da.

Iaz, soka dantza egin ostean ateratako talde argazkia.

Festa amaitzeko, zezen-suzkoa plaza inguruan eta Jose Arana kalean. Erdiguneko biribilgunetik Bolibarko bidera arteko tartean. Zezen-suzkoak su hotza erabiltzen du, baina erre dezake; horregatik, kontuz ibili behar da eta batez ere kontuz ibili behar dute haur txikiak dituzten familiek. Arropari dagokionez, komeni da
kotoizko arropak, fraka luzeak, zapatilak eta burua eta eskuak estalita eramatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak