Torrebasoko ortuak 2004an jarri zituzten martxan, duela hogei urte. Ordutik hona herritarrek lursail horiek erabiltzeko aukera izan dute, Udalean eskaera formala eginda, bete beharreko baldintza guztiak betetzen dituztela demostratuta. Urteroko eskaerez gain, eskaera berriak ere jaso dituzte, eta Torrebasoko udal lursaila aktibo mantentzen dute herritarrek.
Gainera, aisialdiko baratz horien helburu nagusia okupazioa sustatzea da, batez ere, helduen aisialdia modu praktikoan eta aberasgarrian bultzatuz, eta, bide batez, nekazaritza tradizionalaren erabilera eta ohitura batzuk berreskuratzea, produktu naturaletan oinarritutako elikadura osasungarria bultzatuz. Horren baitan, 29 partzela daude, guztira, hiru lursailetan banatuta, eta bakoitzak 60 metro karratu ditu. Une honetan sei partzela libre daudela iragarri du Eskoriatzako Udalak, eta, ortu horiek uzteko oinarriak onartuta, autokontsumorako eta nekazaritza-ekoizpenerako soilik erabiltzeko interesa duten guztiek urriaren 25era arte dute eskaerak aurkezteko.
Sei partzela libre
Ortu horiek doan utziko ditu Eskoriatzako Udalak, eta libre daudenak hauek direla jakinarazi du: 5, 7, 9, 11, 19 eta 22 zenbakidunak. Ortu horiek bost urte naturalerako erretiratu edo baliaezintasuneko pentsiodunei eta bi urterako langabezian jardunean dauden pertsonei eta nortasun juridikoa duten erakunde edo elkarteen kasuan utziko zaie.
Interesdunek urriaren 25era arte dute eskaerak aurkezteko, egubakoitza
Erabiltzaile izateko baldintzak
Eskaera egiteko oinarriak, baldintzak, eskaera ondoren jarraitu beharreko prozedura… udal webgunean daude ikusgai. Baldintzei dagokienez, Eskoriatzako Udalarekiko zerga betebeharrak egunean izatea nahitaezkoa da; pertsona bakoitzak ortu bakarra erabiltzeko baimena lortu ahal izango du; bizikidetza unitate bakoitzari ortu bakarra erabiltzeko baimena emango zaio, Eskoriatzan erroldatuta egotea edo egoitza soziala izatea, gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin, ezinbestekoa izango da; orturik jabetzan ez izatea…
Eskaerak egiteko bi modu
Eskaerak urriaren 25a aurretik egin beharko dira, eta bi modu daude: presentzialki, Eskoriatzako udaletxean, H@ZI (Herritarrentzako Arreta Zerbitzu Integrala) bidez; edo online; kasu horretan, ziurtagiri digitala beharko da: Izenpe, nortasun agiri digitala edo B@KQ.