Hiru lapurreta egin dituzte hiru astean

Imanol Beloki Unamuno 2024ko urr. 11a, 11:42

Eskoriatzako estazio zaharreko udal eraikina.

Irailaren azken bi asteetan eta urriko lehenengo astean gertatutako zenbait salaketa jaso ditu Eskoriatzako Udaltzaingoak herritarrengandik. Horren baitan, lapurretak saiheste aldera, gomendioak gogorarazi nahi izan dizkie herritarrei.

Hiru lapurreta izan dira aste hauetan Eskoriatzan. Horietako bat, udal eraikin batean; bigarrena, garaje batzuetan; eta, hirugarrena, etxebizitza partikular batean. Eskoriatzako Udaltzaingotik adierazi dute beti hartu behar direla segurtasun neurriak, eta, gertakari horien ostean, neurri horiek gogorarazi dituzte, sorpresarik ez izateko.

Hiru lapurreta ezberdin

Izan diren hiru lapurreten harira, Eskoriatzako Udaltzaingoak adierazi du irailaren 19tik 20ra arteko goizaldean izan zela lapurretako bat. Eskoriatzako estazio zaharrean dagoen udal-biltegian egin zuten lapurreta. Sarraila indarrez apurtu zuten eta udal langileek lanerako dituzten hainbat material lapurtu zituzten.

Irailaren 25aren eta 26aren artean, berriz, Gaztañadui kaleko 27-29. atarietan –Titanic deritzon eraikinean–, oinezkoen sarrerako atea apurtu eta hamar garajetako sarrailak apurtuta agertu direla adierazi dute. Udaltzaingoaren esanetan, hamar garajetan sartu ziren, baina ez dute lapurtu zuten informaziorik. Hala ere, komunitate horretako administratzaileak adierazi duenez, salaketa jarri zuen, eta ateetako sarraila-zilindroak konpontzeko eskaera egin seguruari.

Urriaren 3an, bestalde, Jose Arana kalean, San Pedro elizaren eta Fernando Eskoriatza plazaren artean, lapurreta bat izan zen etxe partikular batean. Leihoa bortxatuta, etxebizitzan sartu eta bitxi batzuk batzuk lapurtu zituzten.

2024ko lapurretak

Aurten urtarriletik urrira bitartean herrian izan diren lapurreten datuen gainean galdetuta, Eskoriatzako Udaltzaingoan herritarrek egindako salaketak honako hauek direla azaldu dute: "Gauzen lapurretak, bi telefono mugikor eta patinete bat; garajeetako lapurretak, bi; eraikinetan egindako lapurretak, hiru; besarkada solidarioa deritzon metodoa erabiliz egindako lapurreta, hau da, pertsona nagusiekin hitz egiten duten bitartean eraztuna edo lepokoa lapurtzea, bi –kasu horietan, pertsona nagusiei eman behar zaien gomendioa da ezagutzen ez dituzten pertsonekin hitz egiten ez geratzeko eta, ahal den neurrian, urrezko edo zilarrezko bitxirik bistan ez eramateko–; eta azkenik, kreditu txartelaren bidez egindako iruzurra –diru kantitate txikien lapurreta–, bederatzi lapurreta. Azken horri dagokionez, halako lapurretek gora egin dute nabarmen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak