Pozik azaldu dira elkarte antolatzaileko ordezkariak, eta baikor hitz egin dute datorrenari begira ere: hiru eguneko programazio osatu dute eta bihar, zapatua, egingo duten paella herrikoi erraldoian ehun lagunetik gora espero dituzte.
Duela urtebete pasa jaio zen Gaylur Euskadi elkartea, Eskoriatzan, eta asteburu honetako jaia urteurren-ospakizuna ere izango da, neurri batean.
Bultzatzaileen esanetan, "adiskidetasun berriak sortzea, sexu-orientazio guztiak elkartzea eta bazterrean inor ez uztea dira elkartearen eta jaiaren helburuak; ondo pasatzea ahaztu barik. Baita halako ekimenak hirietatik herrietara ekartzea ere".