Jonathan Galan Romero (Eskoriatza, 1985) da GayLur elkarteko sortzailea eta presidentea, eta, 2023ko uztailean lehenengo hitzordua eginda, urrirako hiru eguneko programazioa prestatu dute, elkartearen urteurrena ospatzeko, besteak beste.
GayLur elkarteko presidentea zara; zeintzuk dira zure egin beharrekoak?
GayLurrek aurrera egiten duela ziurtatzea. Askotariko planak zehaztea zuzendaritzarekin, eta antolatzaileekin kudeatzea. Bestalde, elkartearen bidea aukeratzea: egin ditzakegun plan motak zehaztea, giza ekintzak antolatzea… Gure helburua beti da gizarteko alderdi guztiei laguntzea.
Elkartearen helburua adiskidetasun berriak sortzea da LGTBIQ+ kolektiboan; horrela da?
Bai, gure helburua ekintzak antolatzea da adiskidetasun berriak sortzeko. Ez gara aldarrikatzeko elkarte bat, nahiz eta batzuetan aldarrikapenak egin behar ditugun. Ikusten dugu badirela osasun mentaleko askotariko egoerak dituzten pertsonak; era guztietako profilak daude, baina bada jendea harreman sozialak izatea kostatzen zaiona, batzuk depresio-egoerekin… Beraz, gure helburua jendea animatzea da euren aktibitate soziala hobetzeko edo handitzeko.
Horren baitan, aniztasunaren aldeko hiru eguneko jaia antolatu duzue; zer dela-eta Eskoriatzan?
Urteurrenerako ekitaldi bat antolatu behar genuenean sortu zen hiru eguneko jaia antolatzearen ideia. Programa ederra geratu zaigu eta buru-belarri ari gara lanean, atzeko lana izugarria baita. Jaiaren helburua, berriz, sexu-orientazio guztiak lotzen saiatzea da, heterosexualak barne. Gaylur egoitza Eskoriatzan dago, eta, Udalarekiko gertutasuna izanda eta nik ekintzak antolatzeko bertako eraikinak ezagututa, Lur Anitz Fest jaia Eskoriatzan egitea erabaki genuen. Beti esan izan dugu aniztasunak LGTBIQ kolektiboa eta heterosexualak barne hartu behar dituela, eta, hori baloratuta, guztiontzat interesgarria izan daitekeen programazioa antolatu dugu. Lur Anitz Fest jaiaren helburu nagusia asteburu osoan pertsona guztiak elkartzea da, sexu edo genero identitateari erreparatu gabe, planteatzen diren jarduera guztiez elkarrekin gozatuz. Hala, uste dugu lortuko dugula helburua.
Egitarau bete horretan zeintzuk dira azpimarratzeko hitzordu nagusiak?
Urriaren 5ean, zapatua, 11:00etan, Zaldibar antzokian egingo dugun elkartearen aurkezpena oso berezia izango dela uste dut, sentimendu asko elkartuko baitira. GayLur elkarteko eskoriatzar bakarra naiz, elkartearen sortzailea eta presidentea; hortaz, aurkezpena egitea tokatzen zait, eta horrek urduritasuna eta erantzukizuna sortzen ditu, baina, aldi berean, oso motibatuta nago, zuzendaritza-taldearen eta antolatzaileen laguntzarekin batera.