Gazteen etxebizitza beharrak ezagutu nahian

Imanol Beloki Unamuno 2024ko urr. 4a, 16:28

Eskoriatzaren ikuspegi orokorra, Atxorrotx menditik.

Eskoriatzako gazteen etxebizitza beharrei eta eskariei buruzko inkesta jarri berri du jendaurrean Eskoriatzako Udalak. Webgunean dago formularioa eta domekara arte dago epea betetzeko. Erantzunak modu anonimoan jasotzen direla azpimarratu dute.

Euskal Herriko herri guztietan bezala, Eskoriatzan ere bada etxe bila dabilen gazte bat, elkarrekin alokairuan bizi diren bi gazte, etxebizitza komunitarioan bizi den bat eta etxea erosi berri duena. Horien artean bada kezka eta erronka handienetako bat emantzipazioa. Etxebizitzen prezio altuek eta soldata baxu edo mugatuek asko zailtzen dute gazteak gurasoen etxetik irtetea eta bizi-proiektu berri bati hasiera ematea. Hori dela eta, Eskoriatzako Udalak datu bilketa egin nahi du herriko gazteen egoera zein den jakiteko.

Gazteen iritzia jaso nahian

Eskoriatzako Udalak herriko gazteek etxebizitza eskuratzeko eta emantzipatzeko dituzten oztopoak ezagutzeko inkesta bat kaleratu berri du, udal webgunean jarri dutena –eskoriatza.eus–. Zehazki, 16 eta 34 urte arteko gazteen iritzi eta asmoak jaso nahi dituzte; datuak mahai gainean izanda, aurrera begira urratsak egiteko.

Gazteen iritzi eta asmoak jaso nahi dira, alde batetik. Horretarako, formulario bat dago betetzeko udal webgunean. Bestetik, lantalde bat osatu nahi dute hurrengo pausoak finkatzeko, eta, horretarako, beste esteka bat jarri dute udal webgunean, eta galdera hau proposatu: Gazteon eta etxebizitzaren arazoari aurre egiteko lantalde bat osatuko balitz, parte hartuko zenuke?

Gazteen etxebizitza beharrak jasotzeko inkesta betetzeko azken eguna domeka da

Datu horiek ez dira inkestarekin alderatuko, modu independentean jasoko dira, eta, esteka horretako formularioa beteta, datu horiek soilik lantaldearen deialdia egiteko erabiliko direla adierazi du Eskoriatzako Udalak.

Lantaldean parte hartzea

Galdetegia abiapuntua izango da etorkizunean etxebizitza-plan bat martxan jartzeko. Horrela, gazteek herrian emantzipatu daitezela errazteko, gazteen errealitatea eta beharrak aztertzea izango da lehen urratsa. Ondoren, interesa duten gazteekin etxebizitzaren arazoari aurre egiteko lantalde bat osatzea aurreikusten dute. Lantalde horrek jorratuko ditu herrian bizi ahal izateko baldintzak hobetzeko ideia eta estrategia berriak.

Modu anonimoan

Eskoriatzako Udaleko Gazteria eta Hezkuntza Sailak bideratutako galdetegia udal webgunean egongo da urriaren 6ra arte, interesa duten gazteek bete dezaten, eta ez da informazio pertsonalik batuko; hau da, inkesta anonimoa da eta erantzunak modu anonimoan jasoko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak