Ikustekoa izan zen atzokoan Eskoriatzako Manuel Muñoz kiroldegian jokatutako Open Axtroki. Atama Kenpo Eskoriatza taldeak antolatuta eta IKJOk (International Kenpo Jiujitsu Organization) babestuta, lehenengoz jokatu zen kenpo eta kenpofightmma diziplinen Axtroki opena Eskoriatzan.
Egun osoko txapelketa izan zen eta balio izan zuen, besteak beste, kenpoaren diziplinak ezagutzera emateko. Bi tatami egon ziren egun osoz kiroldegiko kantxan eta aurrez aurre aritu ziren Andaluziatik, Galiziatik, Kataluniatik... etorritako borrokalariak, eta, baita ere, bertakoak. Guztira 130 bat inguru.
Oktogonoaren esperientzia
Hitzordu garrantzitsuena, ordea, oktogonoan edo kaiolan jokatutako borrokak izan ziren. Hain zuzen ere, lehenengoz izan da oktogonoa bailaran.
19:00ak bueltan hasi ziren kaiola barruko borrokak nahiz eta aurretik parte-hartzaileen pisatzeak, face to face deritzenak eta photocall-a egin zituzten O'Dogherty tabernan.
Oktogonoaren xarmaz aritu ziren antolatzaileak eta esan behar da Axtroki openeko borrokak hasi berriendako izan zirela. Gehienek lehenengo aldiz zuten kaiola barruan. Zazpi modalitate edo kategoria izan ziren.
Debagoieneko ordezkaritzari dagokionean Danel Izurrategi arrasaterra eta Iortiz Diaz de Gereñu eskoriatzarra nabarmendu dira. Izurrategi gizonezkoen 65 kilo azpiko fullkenpo modalitatean nagusitu da eta Diaz de Gereñu gizonezkoen 90 kilo azpiko modalitatean.
Atama Kenpo Eskoriatza taldeko beste bost borrokalari aritu ziren kaiolan. Ona izan zen Ion Garcia eskoriatzarrak egindako lana. Bigarren sailkatu zen gizonezkoen 80 kilo azpiko modalitatean. Soilik Martin Indok hartu zion aurrea. Nabarmentzekoa, baita ere, Jose Luis Maquedak egindako lana gizonezko beteranoen 90 kilo azpiko kategorian. Lehiakide bakarra izan zuen; Cristian Ares eta galdu egin zuen haren aurkako borroka baina maila ona erakutsiz.
Min hartuta erretiratu ziren, berriz, Leire Rato (emakumezkoen 62 kilo azpiko modalitatean), Najih Douali (gizonezkoen 70 kilo azpiko modalitatea) eta Juan Antonio Garcia Mondra (gizonezko beteranoen 75 kilo azpiko modalitatea). Ez dute zauri larririk; jasotako kolpei buelta eman ostean eta larrialdietako zerbitzuen lehen arreta jaso ostean altxatu eta nor bere kabuz irten zen oktogonotik.
Balorazio positiboa
Antolatzaileek balorazio positiboa egiten dute lehen Axtroki openak emandakoarekin. Erakustaldi ederra izan zen, leku askotako borrokalariak elkartu zituena eta bailaran oktogono barruko borrokak ikusteko aukeran izan zen lehen aldiz. Borrokalari gehienendako ere esperientzia berria izan zen eta eskertu dute kaiola barruan borrokatzeko sentsazioa ezagutzeko aukera jaso izana.
Goiena telebistak Harmailatik saioan emango du Axtroki openaren berri ematen duten erreportajea. Astelehenean 19:30ean, 21:30ean eta 23:30ean.