Urteroko legez, adin guztietako jendeak izango du egitarauaz gozatzeko aukera; izan ere, askotariko ekintzak antolatu ditu Udalak, eta ez da asperraldirako unerik egongo Eskoriatzako kaleetan. Ekainaren 28an, San Pedro egunaren bezperan hasiko dituzte jaiak, 19:00etan jaurtitako txupinazoarekin, baina aurretik ere egongo dira jai giroan murgiltzen hasteko zenbait ekintza.
Jaiei hasiera emateko txupinazoa eta pregoia bota ostean, Musika Eskolako bandak eta txistulari taldeak kalejira egingo dute herriko kaleetan. Ostean, Castellers de Vilafranca taldeak emanaldia egingo du, giza dorre eta guzti.
Gaztetxoenei zuzendutakoak
Bezpera egunean, 11:00etan, gaztetxoenek euren marrazketarako dohain guztiak erakusteko aukera izango dute plazan egingo den marrazki lehiaketan; 4 eta 12 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta egongo da. Toki berean, baina 12:00etan, korrika egiteko berotze ariketak egin beharko dituzte bertaratzen diren gazteek, orduan irtengo dira-eta buruhandiak plazara.
San Pedro egunean, ekainaren 29an, zirku eta artista mundua gustuko dutenek aukera izango dute, Zirkun Zirko eskolako kideen eskutik, zirku tailer bat bertatik bertara bizitzeko. 12:00etan hasiko da tailerra, herriko plazan, eta 4 urtetik gorako haurrei zuzenduta egongo da. Bertan, zenbait zirku modalitatetako lehen urratsak egiten erakutsiko dute zirku eskolakoek, bertako kide Izaskun Ruedak adierazi duenez: "Aire akrobazia, lurreko akrobazia, oreka edota malabarrak nola egin erakutsiko dugu, eta, haurrek ez ezik, gazteek zein helduek ere izango dute parte hartzeko aukera".
Gainera, zirkuarekin jarraituta, Zirika Zirkus taldearen eskutik Aurkitu gabeko altxorra ikuskizuna bizitzeko aukera egongo da hilaren 30ean, 18:00etan hasita, herriko plazan.
Kuadrillak lehian
Lehiarako tartea ere egongo da aurtengo sanpedroetan; izan ere, kuadrillek elkarren aurka jokatzeko jokoak antolatu dituzte ekainaren 28rako eta 29rako. Hilaren 28an, 8 eta 12 urte bitarteko gazte kuadrillen artekoak jokatuko dira, Zaldibar antzokiaren kanpoaldean, 17:00etan hasita. Ekainaren 29an, berriz, 12 eta 16 urte bitartekoen txanda izango da, elkarren artean lehiatuko baitira, 18:00etan hasita, gaztelekuan.
Suaren bueltan
Jai giroak ekartzen du berotasuna, baina giroa are beroagoa izango da San Pedro egunean eta hilaren 30erako antolatu dituzten suaren bueltako ekintzekin. Gaua izaten da suzko emanaldiez gozatzeko eguneko une hoberena, eta Eskoriatzan ere bide hori jarraituko dute. Ekainaren 29an, 23:00etan hasita, Akelarre Foc ikuskizun piroteknikoa eskainiko du Lekittoko Deabruak taldeak. Suarekin hainbat motatako ikuskizunak egiten dituzte eta, adibidez, San Mames futbol-zelaian antzeztutakoak dira. Lekittoko Deabruak taldekoek jakinarazi dute Akelarre Foc "ikuskizun piroteknikoa eta parte hartzailea" dela, eta, hortaz, gomendatu dute "arropa zaharra edo bakeroa, mahuka luzea, praka luzeak eta txanoa eramatea". Horrez gain, ekainaren 30ean, suzko erruberak botako dituzte, 00:00etan. Gernika plazatik botako dituzte, eta Udalak adierazi du suzko errubera horiek ikusteko leku aproposa dela "Olazar auzoa, errekaren bestaldetik".
Airean dantzan
Hilaren 30ean, 19:30ean hasita, aire akrobazia erakustaldia egingo dute Airean taldeko artistek Gorosarri plazan, sabaira lotutako oihalen artean dantzan eginda. "Urte osoko lana" egin ostean, "irrikan" daude taldekideak euren ikuskizuna eskoriatzarren aurrean erakusteko. Gainera, aurreratu dute oihaletako dantzaren ikuskizunari laguntzeko musika egongo dela eta euren istorioak kontatuko dituztela.